Giro eta parte-hartze bikaina Getxoko Jaietan
2025-08-14 13:55 KultureaDelituen kopurua jaitsi da, 2024an baino % 25 gitxiago.

Atzo, abuztuak 13, Getxoko udako jai nagusiak amaitu ziran: San Inazio, Romo eta Portu Zaharra. Parte-hartzea, giro bikaina eta belaunaldien arteko bizikidetzea nabarmendu dira.
Amaia Aguirre alkateak adierazo dauenez: poz giroa nagusitu da Getxoko kale eta plazetan, baita batzordeek atondutako jardueretan be. Gobernu-taldetik eskerrak emoten deutsegu jai-batzordeak osotzen dituen personei, udaltzainei, udal-zerbitzuei, boluntarioei eta inplikatutako guztiei. Ahalegin horri esker, gure herriaren nortasuna eta bizitasuna islatzen dauen programaz disfrutau dogu. Eskerrik asko uda bakotxean gure jaiak harro egoteko arrazoi kolektiboa izateagaitik.
Delitu gitxiago
Euskal Poliziaren (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) behin-behineko datuen arabera, Algorta, Romo eta Portu Zaharreko jaietan 76 delitu erregistrau dira, 2024an baino %25 gitxiago. Datu horrek 2023an hasitako beheranzko joerea berresten dau. Udaltzaingoak 11 persona atxilotu eta beste 10 ikertu ditu. Horreek guztiak Agintaritza Judizialaren aurrera eroan dira.
Sexu-askatasunaren kontrako delituei jagokonez, 3 salaketa erregistrau dira, igazko kopuru bera: baimendu bako ikutu biengatik eta bat edade gitxikoei egindako sexu-proposamenengaitik. Hiru kasuetan, delituaren egileak berehala atxilotu zituen Euskal Poliziako kideek.
Jai-esparruetan egindako prebentzino-lanaren ondorioz, Udaltzaingoak 36 espediente izapidetu ditu drogak edukitzeagaitik, eta 23 salaketa bideratu ditu Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen kontrako ekintzengaitik.
Paella jaiari jagokonez, Udaltzaingoaren operatiboa garagarrilaren 25eko 07:30ean hasi zan, eta hilaren 26ko 06:00etan amaitu. Persona bi ikertu dira bide-segurtasunaren kontrako delituengaitik, beste bi salatu dira baimendutakoa baino alkohol-tasa handiagoagaz gidatzeagaitik eta beste gidari bat droga-kontsumoagaitik. Herritarren Segurtasunari jagokonez, gizonezko bat atxilotu eben genero-indarkeriako delitua egotzita, eta beste bat agintaritzearen agenteen kontra atentatuagaitik. Herritarren Segurtasunerako Legearen kontrako espediente bi edegi ziran, kortxo-labana bat eroateagatik eta horregaz mehatxu egiteagaitik eta beste bat kuterra eroateagaitik. Burrukako bost liskarretan eta liskar saiakeretan esku hartu zan, eta garagarrilaren 26ko 06:00ak pasauta gertatutako erasoa ikertzen dabiz.
Udaltzaingoak jaietan parte hartu daben milaka persona gehienen portaera arduratsua azpimarratu nahi dau, baita jaiak atontzen dituen batzordeekaz edo erakundeekaz izandako lankidetza ona be.
Gune morea
Eraso matxisten biktimentzako arreta zuzeneko gune moreak jaietako espazioetan integratzea lortu dau. Udalerriko jaietan indarkeria matxisten kontrako sensibilizazino lan handia egin da, eta gauero batez beste 50 pertsonakaz alkarreragin da, batez be 20 eta 50 urte bitarteko emakumeekaz.
Nabarmentzekoa da auzo bakotxean inplikautako eragileekaz (jai batzordeak, talde feministak, Udaltzaingoa...) etenbako lankidetzea eta komunikazinoa dagoala, eta horrek personen lana eta koordinazinoa errazten dauela. Las Mercedeseko jaietan jarriko da barriro gune morea, eta, lehen aldiz, Hezetasun auzoko jaietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!