Bizkaiak nazinoarteko proiekzinoa daben 12 proiektu babesten ditu

Bizkaie! 2025-08-13 12:17   Kulturea

Euskal kulturea, kirola eta hizkuntzearen presentzia eta autortzea sustatzeko.

'Empoderío' (Lara Izagirre). | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak onartu egin dau 2025ean Lurralde Historikotik kanpo egiten diran eta Bizkaiari nazinoarteko ikusgarritasuna emoten laguntzen daben kultura, kirol eta normalizazino-proiektuetarako dirulaguntzen deialdi barriaren erabagia.

300.000 euroko aurrekontuagaz, foru erakundeak 12 ekimen babesten ditu, euskal kulturea, kirola eta hizkuntzearen presentzia eta autortzea sustatzeko, gure mugetatik harago. Sortzaileen, kirolarien eta nazinoartean euskerea sustatzeko daben proiektuen kanpo-proiekzinoa indartzea da helburua.

Diruz lagundutako ekitaldien artean, ondoko honeek dagoz: ekitaldi edo ikuskizun artistiko edo kulturalak, jaialdiak, erakusketak eta hainbat diziplineko beste jarduera batzuk; ondare immaterialari buruzko proiektuak; bitartekaritza artistiko eta kulturaleko jarduerak, teknologia barrien erabilerea; euskerearen normalizazinoa sustatu eta bultzatuko daben jarduerak; eta kirol-arloko ekitaldiak eta jarduerak.

Adibidez, 2025ean zehar proiektuak egiteko dirulaguntzea jasoko daben personetako batzuk ondoko honeek izango dira: Alex Txikon eta Annapurnarako espedizinoa, Dania Beach Jai Alai Series txapelketea, Larrabetzuko Musika Eskola Toscanako abesbatzen nazinoarteko ekitaldi batean parte hartuko dabenak, Lara Izagirreren Empoderío zinema-proiektua, Basking Beat & Bite, aurton hirugarren edizinoa egingo dauen Finlandiako lehen euskal musika jaialdia, edo Hirukokoroa, Iskander Sagarminaga ugerlariak eta Eider Eibar marrazkilariak osotu daben erronka hirukotxa, 35 eguneko epean Iskander Manhattango ugartean zehar Ipar Irlandatik Eskoziara ugerketan, NYren bitartez, Catalina LA kanala eta Iparraldeko kanala.

Laguntza horregaz, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten dau lurraldearen kulturea, kirol eta hizkuntza-nortasuna nazinoartean edegiteko eta indartzeko konpromisoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu