'Jone, batzuetan' irailaren 12an estreinauko da

Bizkaie! 2025-08-13 09:33   Zinemea

Bilboko Aste Nagusia erakusten dauen lehen filma.

Jone, batzuetan, Sara Fantova bilbotar zinemagile gaztearen 2023ko Aste Nagusian filmautako opera prima, irailaren 12an estreinauko da Estadu osoan. Filmea, euskerea eta gaztelania buztartzen dituan jatorrizko bersinoan helduko da zinema-aretoetara hainbat jaialditan izan dauen arrakastaren ondoren. Udabarrian ikusi ahal izan zan lehen aldiz Malagako Zinemaldiko Sail Ofizialean, eta bertan epaimahaiak aitamen berezia egin eutson zuzendariari. Bartzelonako D’A Film Festivalen, barriz, Un impulso colectivo saileko Sari Nagusia irabazi eban. Oraintsu, abuztuaren 3an, Atlàntida Film Fest Jaialdian Film Onenaren Saria (Agustí Villaronga Dama Saria) irabazi dau.

Jone, batzuetan
lanak, Aste Nagusiak irauten dauen 10 egunetan zehar, Bilbo Zaharrean bizi dan Kaskagorriko konpartsakide batek (Olaia Aguayo) nerabezaro betean bizi dauen heldutasunerako esnatzea kontetan dau. Gaixorik dauen aitaren (Josean Bengoetxea) eta ahizpa txikiaren (Elorri Arrizabalaga) ardurea hartu dau. Gainera, Jonek haren lehen maitasuna be biziko dau (Ainhoa Artetxe).

Filma 2023ko Aste Nagusian filmau zan, jai eremuan eta Arriaga Plazan jentez lepo egoala benetako txupinazoan edo jaietako gauetan, Kaskagorriren barraren barruan, grabautako eszenak batzen ditu. Holan, Jone, batzuetan Aste Nagusia pantaila handian erakusten dauen lehen filma da. Jaiak, gainera, protagonismo handia dabe ikus-entzunezkoan.

Sara Fantova 1993an jaio zan Bilbon, eta Semincin eta Rotterdamgo Nazinoarteko Jaialdian estreinautako No me despertéis film laburragaz graduau zan Bartzelonako ESCACen. 25 urte besterik ez zituala, 2019ko Malagako Zinemaldian sari bi irabazi zituan La filla d’algú film luze kolektiboa zuzendu eban. Esto no es Suecia (2023) serieko atalak be egin ditu alkarlanean. Jone, batzuetan bakarkako lehen film luzea dau, eta gidoiaren arduraduna be izan da, Núria Dunjó eta Nuria Martíneze gidoilariekaz batera.

Fantovak ondokoa adierazo dau: helduaroko lehen esperientziaren aurrean dogun zalantzaz berba egin nahi genduan: ziurtasunik ezaz eta, arabere gehiago, gurasoak moduko ezinbesteko erreferente batzuen sendotasuna alde batera ixteak ekar leitekeen delirioaz.

Jone, batzuetan
ESCAC 2024ko Opera Prima Laborategitik sortu zan, eta Amania Films, Escándalo Films, ESCAC Studio, ECPV eta La Juventudek produzidu dabe. Eusko Jaurlaritzearen babesa dau eta EITBren eta RTVEren parte-hartzea. Atera Filmsek Espainia osoko zinema-aretoetan estreinauko dau irailaren 12an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu