Tradizinoz, musikaz eta kolorez beteko dira Andra Mari eta Santa Eufemia Jaiak
2025-08-12 13:51 KultureaIrailaren 7tik 16ra izango dira.
_content.jpeg)
Bermeok prest ditu irailaren 7tik 16ra egingo diran Andra Mari eta Santa Eufemia Jaiak. Aurton be, herriko kale eta plazak girotuko dituan egitarau zabala atondu dabe, edade guztietako herritarrei zuzenduta. Kulturaz, kirolez, gastronomiaz eta musikaz betetako jai egun horreetan, herriak haren tradizinoak eutsiko ditu, izaera parte-hartzaileakaz.
Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak Jai batzordeak egiten dauen lana azpimarratu dau: herritarrek herritarrentzat atondutako jaiak dira. Horri esker, jai herrikoiak eta benetan parte-hartzaileak lortzen ditugu. Horrezaz gan, jaietako egitaraua osotzen laguntzen daben Txosna batzordekoen lana be garrantzitsua da, Andra Mari eta Santa Eufemia Jaiak osotuagoak izateko. Holan, eskerrak emon deutsee bai Jai batzordeko zein Txosna batzordeko kideei, jaiak atontzeko egiten daben lanagaitik eta ahaleginagaitik.
Bermeoko Udala lanean dabil jaiak gero eta inklusiboagoak izan daitezan. Horretarako, aurreko urteetan emondako pausoak eusteaz gan, beste pauso bat emon dala jakinarazo dau kultura zinegotziak. Holan, aurton herritarren eskaerei erantzunez, su artifizialen eta Xixiliren doluzko ibilbidearen ordutegiak aurreratu egin dira. Barraka isilak izango dira hainbat egunetan, halanda ze, igaz hasitako bideak jarraipena izango dau aurton. Jaien hasierari jagokonez: Xixili 19:45ean urtengo da balkoira eta 20:00etan izango da alkatearen pregoia.
Txosna Batzordeko kideek adierazo dabenez, aurton txosna gunea irailaren 6tik 16ra bitartean egongo da edegita. Irailaren 6an, 12:30ean botako dabe txosnako txupina, eta horren ostean atsedenik bako egunak izango ditue aurretik; izan be, programa zabala atondu dabe.
Irailaren 8a, Andra Mari eguna da. Ohiturari eutsita, Udalbatza Almikarantz hasiko da Kankinkabara Txistu Taldea, Bermeoko Erraldoien Konpartsa, Alkartasuna Dantza Taldea eta Aiarako musika bandeagaz. Han, ohorezko aurreskua egingo jako udalbatzeari, eta Bermeoko Erraldoien Konpartsaren ekitaldia be izango da. Egun horretan Barrueta Arte Alkartearen erakusketea inaugurauko da.
Irailaren 9a, Arrantzale Eguna, Lamera Gane txokoak atontzen dauen lore eskaintzea, aurreskua eta autortzeagaz hasiko da aurton be. Ondoren, betiko lez, ekitaldi ugari atondu ditue.
Udal ordezkariek ondokoa nabarmendu dabe: errespetuzko Andra Mari eta Santa Eufemia Jaiak gura ditugu, danok ondo pasetako oinarria baita. Jaietako programearen liburua irailaren 1etik aurrera salgai egongo da Gizarte eta Kultura Etxean eta Turismo Bulegoan, euro baten truke.
Pregoilaria erabakitzeke
Andra Mari eta Santa Eufemia Jaiak iragarriko dituan kartela Leire Sanchez Patiñoren Han dator Xixili aukeratu dabe herritarrek. Hurrengo pausoa, udaletxeko balkoian alkateagaz batera zein talde edo persona egongo diran aukeratzea izango da, eta horretarako bozketa oraindino edegita dago. Finalisten artean, Spookypheria Productions, Xsakara eta Alkartasuna Dantza Taldea dagoz.
Herritarrek botoa emoteko azken eguna, abuztuaren 18a izango da, hau da, datorren astelehena. Bozkatzeko modu bi dagoz: hemen (https://labur.eus/xg7vf0qg), edo aurrez aurre, Gizarte eta Kultura Etxeko harrera gunean dagoan kutxan botoa emonez (09:00etatik 14:00etara).
Almika auzoko jaiak
Almika auzoko jaiak irailaren 7an eta 8an izango dira. Besteak beste, untxi sukalki eta irrintzilari txapelketak, emakumeen giza probak, zaldi proba erakustaldia, belar bola eroatearen txapelketea eta kontzertuak atondu ditue. Joateko autobusak egongo dira irailaren 8an, Andra Mari egunean, San Andreseko bidegurutzetik urtenda (10:30). Begoñako Ama Gaztelugatxeko San Juanen uretan tronuratzearen LXII. urteurreneko ekitaldia be, irailaren 7an egingo dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!