Gogotsu datoz San Roke Jaiak
2025-08-11 13:30 KultureaEgun biko egitaraua prestau dabe.

Aurton, gogotsu datoz San Roke Jaiak Talara eta egun biko egitaraua prestau dabe aspaldiko San Roke Eguna eta haren bezperea berreskuratu nahian. Jaiak Bizirik Tonpoi-Tala Auzo Alkarteak atondu ditu, Bermeoko Udalaren laguntzeagaz eta helburu argia daukate: auzoa bizibarritzea, belaunaldi barriei tradizinoa hurreratzea eta auzotarrek alkarregaz partekatzeko espazioak sortzea.
Abuztuaren 16an, tradizinoz, San Roke Eguna betidanik izan da arrantzaleen jai egun garrantzitsuenetako bat; gainera, hegaluzea sasoian egonda, funtsezkoa da. Tala izan da historikoki alkartzeko gune naturala. Azken urteetan ospakizunak indarra galtzen joan ostean, igaz San Roke eguna indarbarritzeko lanak hasi ziran.
Bizirik Tonpoi-Tala Auzo Alkartekoek San Roke Bezperea (abuztuaren 15a) be berreskuratu gura izan dabe, 60ko hamarkadearen amaieran egiten zan moduan.
San Roke jaiak auzotarren arteko lankidetzearen fruitu dira. 30 lagun inguru dabiz atonketa lanetan parte-hartzen, taldeka banatuta. Tala prestetako lanak be martxan dira: telak hartu, ebagi, josi eta eskuz egindako banderillak prestau ditue, jai giro bete-betean sartzeko.
San Roke bezperan, alkarteak aurrerantzean erabiliko dauen lokalaren ateak edegiko ditu eta lokal hori egun horretarako prest egoteko lanean dabiz buru-belarri. San Roke jaietan Talan egongo dan txosnetako bat bertan kokatuko dabe, eta jan-edanak egongo dira. Barikuan, ogitartekoak egingo ditue, eta zapatuan tortillak, krepeak, eta San Roke Egunean falta ezin dan marmitakoa be.
Egitaraua
- Abuztuak 15, barikua - San Roke Bezperea.
- 18:00: Txupinazoa eta txosnea edegi.
- 18:30: Txokolatadea (edalontzia ekarri).
- 19:30: Karaokea.
- Abuztuak 16, zapatua - San Roke Eguna.
- 11:00: Txosnea edegi.
- 12:00: Kankinkabara txistu taldearen kalejirea.
- 12:30: Umeentzako tailerrak.
- 13:00: Bingoa (Talako lokalaren aurrean).
- 14:00: Arrekatxutxa Trikitixa taldearen kalejirea.
- 14:30 - 16:00: Mariatxia.
- 16:00: Umeentzako jolasak.
- 16:00: Briska txapelketea. Izena aurretik emon beharko da: 11:00etatik 14:00ak arte, 8 bikote gehienez.
- 18:00: Galea taldeagaz jantzaldia.
- 19:00: Otzararen zozketea.
Antxinako eskolak
Barikuan edegiko daben lokalaren garrantzia, auzotarrek argi daukate: alkartruke eta alkarlanerako lekua izatea gura dogu: bazkariak partekatzeko gunea, euskera eskolak egiteko tokia, umeak jagoteko espazioa eta baita herrira jaisteko zailtasunak dituenentzako topagunea be.
Lokala antxinako eskola izan zan, baina urte luzez zarratuta eta erabilera barik egon da. Orain, auzoa bizibarritzeko motor bihurtu gura dabe. Bermeoko Udalaren helburuetako bat da erabili barik dagozen lokalei erabilerea emotea eta Talakoa da beste adibideetako bat: auzotarren proposamenak oso positiboki ikusten ditugu; gure asmoa da lokal hori bizibarritzea, auzoari eta auzotarrei bizi handiagoa emon asmoz.
San Roke Jaiak amaitzerakoan, lokala barriro zarratuko da hainbat egokitzapen lan egiteko: Bizirik Tonpoi-Tala Auzo Alkarteko kideak pozik dagoz, proiektuak auzoa saretzeko eta bizitasuna emoteko bidea edegiten dauelako.
Beraz, atxakirik ez dago barikuan eta zapatuan Talara hurreratzeko. Holan, Bermeoko Udalak herritar guztiak deitzen ditu jai horreetan parte-hartzera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!