Euskerazko antzerkia Eslovenian

Bizkaie! 2025-08-08 10:42   Kulturea

Moto-Membra Jesu Nostri Liublianan antzeztuko dabe.

'Moto-Membra Jesu Nostri' (Eneko Sagardoy). | Ikusi handiago | Argazki originala

Arriaga Antzokiaren Moto-Membra Jesu Nostri produkzinoa Liublianara (Eslovenia) joango da DoSEL – Drama of Smaller European Languages europar proiektuaren barruan, hizkuntza gitxituetan lan egiten daben antzokien arteko trukea sustatzen dauen ekimena. Ikuskizuna urriaren 2an izango da Cankarjev Dom Cultural Centren, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzeagaz.

Europar Batasunak kofinantzautako DoSELen helburua da Europako kulturea eta hizkuntza-aniztasuna sustatzea, hainbat herrialdetako erakunde eszenikoen arteko lankidetzearen bidez. Proiektuan Eslovenia, Malta, Kroazia, Estonia, Kosovo, Bulgaria, Katalunia eta Euskal Herriko zortzi antzerki erakundek parte-hartzen dabe.

Testuinguru horretan, Moto-Membra Jesu Nostri jatorrizko bersinoan aurkeztuko da, euskeraz, eslovenierara azpititulatuta, Europako zirkuitu eszenikoan euskerearen presentzia indartuz. Ikuskizunak Andoni Sierraren zuzendaritza musikala eta Lucia Astigarragaren eszenaratzea ditu. Testu originala eta interpretazinoa Eneko Sagardoyrenak dira. Dietrich Buxtehuderen Membra Jesu Nostri obrearen interpretazino musikala Conductus Ensembleren eskutik izango da.

Parte-hartze horrek berretsi egiten dau Etxepare Euskal Institutuak euskerazko sorkuntza garaikidearen nazinoarteko proiekzinoagaz dauen konpromisoa, eta balioan jartzen dau antzerkia hizkuntza gitxituei ikusgaitasuna emoteko tresna bezala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu