Asier Altunaren 'Karmele' filmaren trailerra, ikusgai

Bizkaie! 2025-08-08 08:00   Zinemea

Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinauko da.

Asier Altuna zinemagilaren film luzea Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinauko da, Proiekzino Berezi bezela. Halanda ze, urriaren 10ean helduko da zinema-aretoetara, Caramel Filmsen eskutik.

Protagonistak Jone Laspiur (Faisaien Irla, Maixabel, Akelarre, Ane) eta Eneko Sagardoy (La Canción, Irati, Patria, Handia) aktoreak dira, biak Goya saridunak. Alkarrekaz lan egiten daben lehen aldia da eta bikote bati emoten deutse bizitzea: Karmele eta Txomini, hain zuzen be. Horreekaz batera dagoz Nagore Aranburu (Querer, Irati) eta Javier Barandiaran (La infiltrada, Maixabel), Karmeleren gurasoak.

Asier Altuna zinemagileak idatzi eta zuzendu dau filma, Kirmen Uribe idazlearen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarrituta. Eleberria, era berean, Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren benetako bizitzetan inspirauta dago. Zortzi hizkuntzatara itzulita dago eta hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Espainiako Kritika Saria (euskerazko narratibari) eta 111 Akademia Saria (urteko liburu onenari).

Zuzendariaren berbetan: 'Karmele' kultureak, musikeak eta arteak txipriztindutako bidaia da. Beti erakarri izan deuste hainbat belaunaldi batzen dituen historia familiarrak. Karmele gazte-gaztetatik muturreko egoerei aurre egin behar deutson emakumea da, ausarta eta konprometidua. Karmelek askatasun ezaren aurrean perseberantzia, burrukea eta duintasuna zer diran erakusten deusku.

Karmele proiektuari lau urtetik gorako lana eskaini deutso Asier Altunak, Marian Fernández Pascal (Intimidad, Oreina, Amama) produktore eragile eta Txintxua Films produkzino-etxearen arduradunagaz batera. Zinemagileak haren ohiko lantaldea izan dau ondoan, euskal zinemagintzako profesional autortuek osotzen dabena: Ander Sistiaga (La trinchera infinita, Handia -Goya saria-) produkzino zuzendaria; Javier Agirre (La trinchera infinita, Handia -Goya saria-, Amama), argazki zuzendaria; eta Zaloa Ziluaga (Volver, Cuando dejes de quererme), arte zuzendaria.
 
Musikeak protagonismo asko dauka: halanda ze, euskal musikea, jazza, boleroak eta guarachak entzungo dira. Soinu-bandea personaien bidelagun da eta istorioa aberasten dau. Aitor Etxebarria da (El cuerpo en llamas, Intimidad) konpositorea.

Alazne Ameztoy (Maixabel, La trinchera infinita -Goya saria-) arduratzen da soinuaz. Nerea Torrijos (20.000 especies de abejas, Irati, Akelarre -Goya saria-) da jantziteria zuzendaria. Lola López eta Itziar Arrieta (El orfanato -Goya saria biek-), makillaje eta ule-apainketa buruak. Laurent Dufreche (La trinchera infinita, Handia -Goya saria-), muntatzailea. Félix Bergés (La sociedad de la nieve eta Un monstruo viene a verme -Goya sariak bietan-, Dantza) da VFX burua eta Jon Serrano (Handia eta Akelarre -Goya sariak bietan-, 20.000 especies de abejas, Irati), efektu berezien arduraduna. María Rodrigo (Nina, Cristóbal Balenciaga) da casting zuzendaria eta Michel Gaztambide izan da gidoiaren aholkularia.

Karmele euskerazko film luzearen produktoreak Txintxua Films SL eta Esnatzeko Ordua Films AlE dira, Gastibeltza Filmaken kolaborazinoagaz; Nouvelle-Aquitaine Eskualdearen, Eusko Jaurlaritzearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan dau; eta EiTBren eta RTVEren partaidetzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu