Bakearen Aldeko Adierazpena sinatu dau EHUk Hiroshiman

Bizkaie! 2025-08-07 08:14   Pil-pilean

Bakearen aldeko konpromisoa eta alkarlana sustatzea aldarrikatzen dau manifestuak.

Joxerramon Bengoetxea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibersidadeko errektoreak sinatu dau bakearen aldeko adierazpena Hiroshima, NBEko unibersidadea (Tokio), Leipzig (Alemania), Taiwan, Malasia, Italia, Polonia eta Suediako beste hamar unibersidadetako errektoreekaz batera. HU-Higashisenda campusean egin da sinatze-ekitaldia, bonba nuklearra jaurti zala gogora ekarteko 80. urteurrenean.

Bakearen aldeko manifestuaren sinatzaileek konpromisoa adierazo dabe unibersidadeen arteko alkarlana sustatzeko, ikasle eta ikertzaileen alkartrukea baliatuta, bakearen aldeko kulturan sakontzeko.

EHUren errektoreak, Gernikaren bonbardaketearen 88. urteurrena be gogora ekarteaz batera, uri biek urte honeetan guztietan egindako memoria ariketaren garrantzia azpimarratu dau: Euskal Herrian partekatzen dogun zerbait da, ez bakarrik Gernikagaitik, baita ondoren izandako gertaera guztiengaitik be: izandakoari buruzko desinformazino ofizialari aurre egiteko eta errealidade historiko ezkutua adierazoteko. Euskaldunak diktaduratik pasau ginan eta baita trantsizino luzean zehar iraun eben indarkeria urteetatik be. Unibersidadeok behartuta gagoz gure esku dagoana egitera, gertatutakoa ez ahazteko eta jakintza horreek gordetzeko eta ikertzeko. Halanda ze, hezkuntza eta ikerketa funtsezko zutabeak dira etorkizun ekitatibo eta iraunkorrerako, alkarrizketa kritikoa sustatzeko, alkar ulertzea elikatzeko eta lankidetzarako eta bizikidetzarako baldintzak sortzeko, guztiak be, bakea eusteko beharrezko osagaiak.

Hiroshimako ekitaldia baliatu dau Bengoetxeak Gazako sarraskia salatzeko eta nazinoarteko erantzun bateratu baten beharra aldarrikatzeko.

EHUren errektorea, era berean, bonba atomikoa jaurti eben egun eta ordu berean egin dan Bakearen Memorialaren Zeremonian izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu