Frantziako eta Turkiako taldeak protagonista Bermeon
2025-08-06 13:20 KultureaAurton, XXXVII. Nazinoarteko Folklore Jaialdia Artza Frontoian izango da.

Zapatuan, abuztuaren 9an, Bermeok XXXVII. Nazinoarteko Folklore Jaialdia hartuko dau, Frantziako eta Turkiako jantza taldeekaz. Alkartasuna Dantza Taldeak, Bermeoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta enpresa batzuen laguntzeagaz atontzen dauen jaialdia, 20:30ean izango da eta kokalekua aldatu dau; Artza Frontoian izan beharrean Lameran izango da.
Atontzaileek nabarmendu dabenez, jaialdia kalean izango da, Alkartasuna Dantza Taldeak aurton atondutako gainontzeko ekitaldiak moduan: beti buruan izan dogun idea da ekitaldi guztiak kalean egitearena, jantzak beti egin izan dira kalean, eta horregaitik, aurton kalera atera ditugu gure ekitaldi guztiak.
Bermeoko udal ordezkariek eta Alkartasuna Dantza Taldeko arduradunek gaur aurkeztu ditue jaialdiaren zehetasunak, Lameran bertan. Adierazo dabenez, 1986tik atontzen da jaialdia, euskal folkloretik aparteko herrialdeetako folklorea ezagutu eta ezagutarazoteko, baita Bermeoko ohiturak kanpoko jenteari hurreratzeko be. Era berean, urtero, beste herrialdeetako taldeekaz hartu-emonak izateko aukerea emoten deutse Alkartasuna Dantza Taldeko kideei.
Turkiatik, Club Zeybek Yaren taldeak parte hartuko dau. Taldea 2018ko irailaren 15ean sortu zan Istanbulen, Murat Emrah Yamanli Turkiako Jantza Folklorikoko Federazinoko Epaile Nazinonalaren zuzendaritzapean, hainbat eskualdeetako zeybek jantza tradizinonalak bertako moduan interpretau, irakatsi eta bizirik eusteko helburuagaz. Lehen urtea Kadıköyn egin ondoren, taldea 2019ko irailaren 28an joan zan gaur egungo egoitzara, Ataşehirera hain zuzen be. Profesionaltasuna eta espiritu amateurra buztartzen ditu.
Frantziatik, barriz, Grupo Folkloriko Aunis & Saintonge Saintes etorriko da. 1931n sortutako taldea da, eta Charente eskualdeko nekazarien eta nekazarien seme-alaben eguneroko eta jai-egunetako 1830eko hamarkadako jantzi tradizinonalak erakusten ditu. Haren folklorearen benetakotasunari, musikeari, kantuei eta jantzei esker, Europako hainbat herrialdetan eta Kanadan be ezaguna egin da.
Atontzaileek adierazo dabenez, XXXVII. Nazinoarteko Folklore Jaialdiak aukera parebakoa eskainiko dau bertoko zein atzerriko jantzak ezagutzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!