Hamar proiektu lehiatuko dira Zinemaldia Startup Challengean

Bizkaie! 2025-08-06 12:08   Zinemea

Proposamenak Alemaniatik, Espainiatik, Erresuma Batutik eta Suediatik datoz.

Hamar proiektu teknologiko (bost espainiar eta bost europar) lehiatuko dira Zinemaldia Startup Challengen, ekintzaileentzako eta startup sortu barrientzako lehiaketan. Egitasmoa, ikus-entzunezkoen arloan aplikau daitekezan teknologietan oinarritzen da.

Zinemaldia & Technologyren ekimen nagusia da Zinemaldia Startup Challenge, eta irailaren 25ean, egunean, egingo da. Aukeratutako hamar proiektuak aurkeztuko dira eta berbaldia egingo da teknologia barrien inplikazino etikoei buruz. Bertan, teknologia inklusibo, dibertso eta adierazgarriagoa zelan lortu hausnartuko da.

Estadu-lehiaketako bost finalistetako hiruk adimen artifiziala apliketan dube euren garapenetan: Bubbok plataformetako edukien gomendio personalizatuak eskaintzen ditu; Crowdy, barriz, ekosistemea da, ikus-entzunezko proiektuak kudeatzeko eta edozein produkzino-fasetan talentua erakartzeko baliabideak batzen dituana; eta, IT'S ON, streamingeko plataformea da, filmaketak urrunetik gainbegiratzeko aukerea emoten dauena. Aplikazino eskuko telefono bi honeek osotzen dabe hautaketea: Kultura Hub, Europako kultura-erakundeen ikus-entzunezko edukia konektetan eta ikusarazoten dauena, hizkuntza gitxituetan arreta berezia ipinita; Quickets aplikazinoak, barriz, zinema-sarreren last minute salmentea eskaintzen dau, deskontuekaz, prezio dinamikoetako tekniken bidez.

Europako proiektuei jagokonez, horreetako lau adimen artifizialean be oinarritzen dira: All-VP (Erresuma Batua) LED horma digitala modukoa da, antzezlearen tamainatik eta itxuratik abiatuta, ingurune birtual batean argiztapena, itzalak eta islak birkalkulatzen dituana; Mimikek (Suedia) 3Dko abatar errealistak sortzen ditu eskuko telefonoagaz eskaneatutakoan funtsatuta; Signapsek (Erresuma Batua) zeinu-hizkuntzako interpreteen eredu fotorrealistak eskaintzen ditu gorren ikus-entzunezko edukietarako irisgarritasuna areagotzeko; eta Tape Itek (Alemania) hondo-zarata ezabatzen dau soinua digitalki prozesatuz, audioaren kalidada hobetuz. Novel Fire Masks Enginereed with 3D Technologyk (Erresuma Batua), barriz, suaren kontrako maskarak (silikonazkoak) sortzen ditu, manufaktura gehigarriko eta 3D inprimaketako teknikekaz eta akabera hiperrealista bategaz.

Epaimahai independente bik 10.000 euroko sari bana emongo deutsee Europako eta Estatuko proiekturik onenei. Bestalde, hirugarren epaimahai batek aitamen berezia emongo dau, 3.000 eurokoa, ekintzailetza-balioen autorpen bezela. Horrezaz gan, irabazleek eta finalistek 500.000 eurorainoko finantzaketa eskuratu ahalko dabe euren proiektua Euskadin garatzeko. Gainera, proiektu finalistek aukerea izango dabe Euskadiko Parke Teknologikoen Sarean kokatutako BICetako inkubagailu batean urtebetez doban sartzeko.

Lehen bost edizinoetako proiektu irabazleetako zenbaitzuk arrakastaz dabiz garatzen euren enpresa-estrategia. Dub.me-k (2024) EIC Accelerator programearen Bikaintasun Zigilua lortu dau, eta Asia, Europa eta Estadu Batuetako funtsezko merkatuetan jarduteko aukerea emon deutsen akordioak ezarri ditu; Motmo.pro (2022) merkatuan dago jada; Hyperate.io-k (2023), bestalde, nabarmen handitu dau erabiltzaile kopurua.

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta SPRIren bitartez sustatzen dau Zinemaldia Startup Challenge, Zinemaldia & Technology jardunaldiaren ekimen nagusia; Donostia Zinemaldiak horreekaz lankidetzan atontzen dau Zinemaldia & Technology: TECNALIA; ALÍA (Ikus-entzunezkoen Industria Aliantza); eta Vicomtech. Zinemaldia & Technology Donostia Zinemaldiaren apustu estrategikoa da eta ikus-entzunezkoen sektorean teknologiak izandako barrikuntzeari buruz hausnartzeko erreferentziazko gune bihurtu gura dau.

Estaduko startupen lehiaketea, Spanish Screenings XXL. Financing & Tech egistamoaren parte da. Holan, proiektuan ondoko erakundeek hartzen dabe parte: Kultura Ministerioa, ICAA Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren bidez; Eraldaketa Digitalerako eta Funtzino Publikoko Ministerioa; ICEX España Exportación e Inversiones erakundea; Málagako Zinema-jaialdia eta Donostia Zinemaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu