Abuztuaren 29ko egitarauaren izaerea aldatu egingo da
2025-08-05 13:00 KultureaAzken urteetan indarkeria areagotu egin dala igarri dabe atontzaileek.
Abuztuaren 28tik 31ra San Joan Doloz jaiak egingo dira Bakion. Jaiak herriko tradizinoaren zein kulturearen parte dira, eta egun horreek oso bereziak izaten dira bakiotarrentzat. Disfrutetea da helburu nagusia, baita herri nortasuna indartzea eta herritarren arteko sareak sendotzea be.
Egitarauari jagokonez, aldaketa esanguratsu bat dakar: abuztuaren 29ko egunak beste izaera bat hartuko dau. Azken urteetan egun horren bueltan indarkeria areagotu egin dala igarri dabe antolatzaileek; eraso matxistak eta burrukak jaso izan dira, eta gertakari horreek jai giroa zapuztu egin dabe.
Argi itxi gura dabe ez dabela inolako erasorik onartzen. Halanda ze, San Joan Doloz gauean ez da Dj kontzerturik egongo. 18:00etan egingo dan umeentzako diskofestagaz zarratuko da eguneko egitaraua.
Indarkeria matxistearen prebentzinorako zerbitzuak
Herritarrak babesteko norabide beretik, aurreko urteetan lez indarkeria matxistearen prebentzinorako zerbitzuak eskainiko dira jaietan. Abuztuaren 28tik (20:00etan hasita) irailaren 1era (08:00ak arte) 24 orduko telefono arretea egongo da martxan, 656788621 zenbakian. Gauetan, 00:00etatik 08:00etara bitartean, arreta puntu bat egongo da Turismo Bulegoan (Txakolingunea eraikinean) eta egun bitan informazino puntu bat be bai: abuztuaren 28an Zubiaurren, 21:00etatik 00:00etara, eta abuztuaren 31n Urizarretan, 17:00etatik 20:00etara.
Surf Taldearen txupinazoa
Jaiak abuztuaren 28an hasiko dira ofizialki, aurreko egunetan be ekitaldiak egongo diran arren. Eguerdian Sukalki Txapelketan berotuko da jai giroa eta 20:00etan kuadrilen igoerako kalejirea egingo dabe Bentako plazatik udaletxeraino. Han, 20:30ean botako dabe hasierako txupina, Bakioko Surf Taldearen eskutik. Izan be, aurton 30 urte bete ditu surflarien alkarteak eta txupinazoaren bidez urte guzti horreetako lanari autortzea egin nahi jako. 1995ean sortu zanetik hainbat herritar batu ditu, baita ekitaldi ugari atondu be: esaterako, emakumeen surfa ikustarazoteko Surfem Jaialdia, jardunaldiak edota hondartza garbiketak.
Jaien barruan ekintza herrikoi ugari egongo dira, herritarrak alkartzeko atxaki parebako diranak. Mahaiaren bueltan alkarregaz disfrutetako aukerea izango da, adibidez, abuztuaren 30ean, nagusientzako bazkarian (probalekuan) eta kuadrilen bazkarian (frontoian). Gainera, abuztuaren 31ko Eneperi egunean Paella Txapelketea egingo da Urizarretan.
Zea Mays eta askoz gehiago
Musika oso presente egongo da San Joan Dolozetan, beraz, egunero jai giroa sortuko da musikariei esker. Gauetako kontzertuen artean, aitagarria da Zea Mays taldeak abuztuaren 30ean Zubiaurrealden eskainiko dauen kontzertua. Egungo rock eszenako talde indartsuetako bat da, hasierako zaleen fideltasuna eta gaur egungo gazteen interesa buztartuz. Horren frogea da Elektrizitatea abestiaren bersinoa, emakume abeslarien sinergiaren emoitza.
Udalak eta jai batzordeak gogoratu gura dabe jaiak jente askoren lanari esker ateratzen dirala aurrera, auzolanean zein arlo profesionalean. Horregaitik, lan egitea tokatu jaken horreekaz errespetuz jokatzea eskatu dabe.
Badatoz jaiak eta ospatu daigun alaitasunez, ilusinoz, errespetuz, alkartasunez, ingurukoak eta herria jagonez, adierazo dabe atontzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!