Abuztuan be, Bizkaia museoz museo

Bizkaie! 2025-08-05 10:50   Kulturea

Proposamenak, besteak beste, bisita gidatuak, tailerrak eta erakusketak dira.

Bizkaiko Foru Aldundiko museoek eta foru-aretoek abuztuan be hainbat jarduera eskainiko ditue, publiko guztientzako programen bidez. Proposamenak, besteak beste, bisita gidatuak, tailerrak eta erakusketak dira, baita lurraldeko ondarea, historia, arkeologia eta natura-inguruneagaz lotutako jarduerak be.

Programazinoa 

- Muñatones gaztelua (Muskiz)

Bisitaldi gidatuak, domeketan, 10:30ean eta 12:30ean (irailaren 7ra arte). Bisitariek Bizkaiko Erdi Aroko gotorlekurik garatuena ezagutuko dabe, leinu-gerretako testuinguru historikoan, Bizkaiko lehen historialari Lope Gartzea Salazarren eta beste batzuen bizitzagaz batera.

Abuztuko eguztenetan, bisita gidatua eskainiko da 11:00etan; aldez aurretik erreserbau beharrekoa.

Nabarmentzekoa da, era berean, El Pobal Burdinolagaz batera atondutako plana. Horri esker, burdina lantzeko prozesua ikusteko bisita egin ahal izango da; izan be, burdina landa-eremuko nobleziaren funtsezko baliabidea zan. Jai-zubietako zapatuan (abuztuaren 16an), ikusi ahal izango dira olagizonek egiten eben lanaren erakustaldiak, makinak martxan dagozela.

- El Pobal Burdinola (Muskiz)

El Pobal Burdinola (Muskiz) martitzenetik zapatura egongo da edegita, goiz eta arratsalde. Domeka eta jaiegunetan, barriz, ordutegia 10:00etatik 14:00etara izango da, eta bisita gidatuak egingo dira. Zapatuan, burdina-lanketearen erakustaldi osoak eskainiko dira, 11:00, 12:00 eta 13:00etan.

Juan Miguel Cortésen Huidobroren bila, 21. zk., Ikatz samindua izeneko instalazino poetikoak kolorez beteko dau ikaztegia. Gainera, El Pobalek uda osorako jarduerak diseinau ditu. Abuztuaren 14an eta 21ean, eguenetan, Barbadungo esploratzaileak. Uretako eta lurpeko abentura bat jarduera egingo da. Ibilbideak ibaiaren ingurune naturala zeharkatzen dau.

- La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda).

Harigintzako nabea barriro edegi da hobekuntza-obra batzuen ondoren, abuztuan zehar bisitau ahal izango da. Jatorrizko makinak eta tresna mekaniko guztiak kontserbetan ditu museoak; hori dala-eta, La Encartada ehun urtetik gorako ehungintzako bilduma teknologikorik onena eta osotuena da Europa osoan.

Museoa bisitauta, garaiko punta-puntako makinak eta XIX. mendeko fabrika zahar batean sartuko gara. Museoa bisitatzen daben personek XIX. mendearen amaierako fabrika baten jatorrizko giroa topauko dabe.

- Arkeologi Museoa (Bilbao).

Museoak Arkeouda izeneko uri-koloniak atontzen ditu umeentzat. Arkeologiari eta Bizkaiko historiari buruzko tailer tematikoekaz batera, aldi baterako erakusketak be eskaintzen ditu, esaterako Martiodako erlikiak. Erakusketa horretan, XVII. mendeko Martiodako erlikia-ontzi ikaragarritik datozen metal preziatuzko ehun eta hariekaz jantzitako martirien hazurren bildumea dago ikusgai. Horrezaz gan, Museoa aztarnaz aztarna programearen barruan, Burtzeñako (Barakaldo) Mesedetako Komentuaren indusketa arkeologikoetan topautako metalezko gerrikoa/eten-uhala egongo da erakusgai.

Gainera, museoak Arkeologia egun batez izeneko familia-tailerrak eskainiko ditu abuztuko domeketan. Jarduera didaktiko horretan, familiek Bizkaiko historia ezagutuko dabe eta umeak arkeologo bihurtuko dira egun batez.

- Rekalde Aretoa (Bilbo).

Juan Carlos Eguillorren erakusketea, Laberinto, irailaren 28ra arte bisitau daiteke. Erakusketan, Eguillorren produzinoaren parte diran ia mila piezaren bildumea dago. Marrazki, komiki, ilustrazino eta bideoak dagoz piezen artean.

- Ondare Aretoa (Bilbo)

Ondare Aretoak 80 urte, 80 akuarela: argi eta ur bidaia Akuarelaren Nazinoarteko Erakusketea hartuko dau, abuztuaren 30era arte.

Euskal Akuarelarien Alkartearen 80. urteurreneko nazinoarteko erakusketan, euskal artisten eta nazinoartean erreferente diran akuelarien 80 akuarela batu dira.

- Arrantzaleen Museoa (Bermeo)

Emakume zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea deritzon erakusketaz disfrutau daiteke; erakusketea Bizkaiko Batzar Nagusiek atondu dabe. Abuztuaren 12an, galernaren gaineko bisita berezia be eskainiko da, 1912ko egun horretan Matxitxako lurmuturretik 45 itsas miliara arrantzan zebiltzala hil ziran ehundik gora bermeotarren akorduz.

Programa osotzeko, 4 eta 10 urte bitarteko umeentzako Arrain jokoak tailerra egingo da, abuztuaren 7an eta 8an, euskeraz. Horrezaz gan, Literatura eta Nazioa izenburuko EHUren udako ikastaroa emongo da, abuztuaren 28an eta 29an; Laida taldeak Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteurrena dala-eta. Udako ikastarorako erreserba egin behar da, laidataldea@gmail.com helbidearen bidez.

- Omako Basoa (Kortezubi).

Agustin Ibarrola artistak sortutako Omako Basoa naturan egindako esku-hartze artistikoa da, 800 zugatz baino gehiagoren gainean margotutako irudien eta motibo geometrikoen 30 moltsok baino gehiagok osotua. Proposamenak esperientzia artistikoaren erdigunean jartzen dau bisitaria, eta Artea eta Naturea mobimenduaren eta euskal arte garaikidearen erreferentea da.

Basoa egunero bisitau daiteke eta bisita gidatuak eskaintzen dira zapatutan.

Ezinbestekoa da aldez aurreko erreserbea egitea: hemen.

- Txakolin Museoa-Txakolingunea (Bakio).

Abuztuan, Zatoz Uribeko txakolinaren kolore aniztasuna ezagutzera esperientziaz disfrutetako aukerea egongo da: bisita gidatua, hiru txakolinen probaketea (zuria, gorria eta beltza) eta gilda bat.

- Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo).

Udan museora doazenek Gamazada. Gure poltsikoaren jabe erakusketea ikusi ahal izango dabe, irailaren 21era arte. Erakusketak, batetik, adierazo deusku zelan jazo zan foraltasunaren eta autogobernuaren aldeko defentsagaz lotutako gizarte-matxinadaren gertakari garrantzitsuenetako bat, eta, bestetik, iraganerako leihoa edegiko deusku, gaur egun euskal-nafar ekonomia-ituna zer dan ulertzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu