Unai Aranzadiren 'A Costa dos Lançados' erakusketea, ikusgai
2025-08-04 13:31 KultureaGetxoko Romo Kultur Etxean, abuztuaren 30era arte.

Datorren abuztuaren 30era arte, Unai Aranzadi dokumentalistea, erreportari eta argazkilari getxotarraren A Costa dos Lançados diziplina anitzeko erakusketea ikusi ahal izango da Romo Kultur Etxean, Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak atonduta, UN Etxea Alkartearen laguntzeagaz.
Egileagaz batera gaur inauguratutako erakusketan, 40 argazki, izen bereko dokumentala (2023ko urtarrilean Muxikebarrin aurkeztu eta Mexikoko Veracruzeko X. Zinema Jaialdian saritu ebena), mapak, artxibo historikoak eta testu ugari dagoz.
Gizarte Kohesinoaren Arlotik babesten ditugu holako espazioak, memoria historikoari, migrazino-prozesuei eta horreen egiturazko kausei buruz hausnartzera konbidetan gaituztenak. Unai Aranzadiren lanak gizarte bezela interpelatzen gaitu, iraganaren eta orainaren arteko loturak erakustean, eta gaur egun desparekotasunak, kolonialismoak eta bizitza duinaren itxaropenak markautako ibilbideak egiten jarraitzen dabenei aurpegia jartzean, adierazo dau Carmen Díaz Gizarte Kohesinoko zinegotziak.
Erakusketea, dokumentala bezela, hilabete bitan Senegal, Gambia eta Guinea-Bissauko 2.000 kilometroko bidaia baten emoitza da. Iberiar peninsulatik kanporatuak izan ondoren, Afrika baltzaren lehenengo esplorazinoak egiteko Kanariak eta Cabo Verde base bezela erabili zituen judu konbertiduen historia ezezaguna kontetan dau lanak. Irudien eta testuen bidez, egileak gertakari historiko hori Kanarietako egungo migrazino-ibilbideagaz lotzen dau, amore emondako personak ur horreetan gaur egun aspaldi bezela topeteak dakarren paradojeagaz, oraingoan kontrako norabidean, nabarmendu dau getxotarrak. Migrazino-fenomenoari zuzenean lotutako beste faktore batzuk be agerian ixten ditu erakusketak, esaterako kolonialismoa, konsumo-gizartea eta iraganaren eta orainaren esklabotasuna.
Erakusketearen ordutegia astelehenetik barikura 08:30etik 21:30era izango da. Asteburuetan eta jaiegunetan, barriz, 11:30etik 20:30era.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!