Qasem Budairrek Zisjordaniatik defendidu dau doktore-tesia

Bizkaie! 2025-07-30 07:45   Kulturea

Gatazka armatuak ez deutso itxi Euskal Herrira etorten aurrez aurreko defensea egiteko.

Qasem Budair, 30 urteko palestinarrak, online defendidu dau doktorego-tesia Euskal Herriko Unibersidadean (EHU). Unibersidadeko araudiak aurrez aurreko defensea eskatzen dau kasu gehienetan baina holako egoera berezietan, online defensea baimentzea erabagi eben Unibersidadeko agintariek. Haren tesi zuzendariaren, Juan Manuel Velázquez Gardeta irakaslearen, inplikazinoari esker izan da posible.

Ikertzailea Zisjordaniako Tulkarem urian bizi da eta gerra-testuinguru batean egin behar izan eban bere ikerketea, Israelek ezarritako murrizketek eragotzi egin eutselako Espainiara bidaiatzea. Qasem Budairren eretxiz, Tulkaremen bizitea setio egoeran bizitea lakoa da eta egoera horretan doktoretzea egitea erronka akademikoa baino gehiago, erresistentzia modu bat da.

Budairrek eta bere tesi-zuzendariak egoera oso konplexuari aurre egin behar izan deutse. Hasieran, doktoregaiak bisea eskatu eban Espainiako Konsuladuan, baina Palestina, Iran, Israel eta AEBen arteko gatazka militarraren ondorioz, eskaera guztiak eten egin zituen eta ezin izan eban etorri. Ondorioz, Juan Manuel Velázquezek unibersidadeko doktorego batzordeari online defensearen aukerea eskatu eutson, egoerea salbuespenezkoa zala errazoituz. Onartu ostean, hurrengo erronkea Interneteko konexinoa bermatzea izan zan. Tesiaren egunean, etenik egon ez izana oinarrizkoa izan zan arrakastaz gauzatzeko defensea.

Velázquezek berak adierazo dauanez, Qasemen egoerea benetan larria izan da. Ez bakarrik hona etorterik ez dauelako izan, baita okupazino militarrak eta burokrazia murrizketek zaldu egin dabelako prozesu akademikoa be. Besteak beste, tasa-ordainketak egiteko zailtasunak nabarmendu ditu, Palestinatik kanpora transferentziak blokeauta dagozalako.

Ikertzaileak Palestinan bizi dauen egunerokotasuna be ez da arrunta. Budair Tulkarem urian bizi da, Jerusalemetik gertu dagoan arren, kontrol postuek eta mobikortasun-murrizketek eragiten dabe lanera edo ohiko jardueretara joatea ordutegiz eta segurtasunez baldintzatuta egotea: kontrolgune batean zortzi ordu emon nituan, lanera heltzeko ahaleginean. Autobuseko gazte batek bere mobikorra itxi eustan eta zorionez doktoretza-ikerketako materiala barrikusi neban: Palestinan, ikastea bera be erresistentziaren adierazle bihurtzen da askotan, adierazo dau Budairrek. Halan da be, egoera horretan bertan ikertu, lan egin eta tesia amaitu dau, EHUn maila akademiko gorena lortuz.

Commercial dispute resolution and legal liability: a study of arbitration in the United Arab Emirates, The State of Qatar, The Kingdom of Saudi Arabia, and Islamic law izeneko tesiaren bidez, Budairrek arbitraje komertzialaren eta zuzenbide islamiarraren arteko hartu-emonak aztertu ditu, Golkoko eskualdeko herrialdeetan. Gaur egun, Oxfam erakundean lan egiten dau, nekazaritza-aseguruen arloan, komunidade zaurgarrien alde. Etorkizunari begira, Espainiara joan nahiko leukela adierazo dau Qasem Budairrek ibilbide akademikoagaz jarraitzeko: ez bakarrik nire hazkunde personalagaitik, baita eta nire herriaren ahotsa munduan zabaltzeko be”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu