Mezerg, Idoia eta Marc Scibiliak zuzeneko musikaz beteko dabe Museoko Atrioa

Bizkaie! 2025-07-24 13:29   Musikea

Guggenheim Bilbao Museoak Art & Music-2025eko udagoienerako egitaraua aurkeztu dau.

Art & Music zuzeneko musika-programearen barruan 2025eko udagoenean egongo diran kontzertuak aurkeztu ditu Guggenheim Bilbao Museoak. Kutxabanken babesagaz, Museoko arkitekturearen eta erakusketen testuingururako aukeratutako abangoardiako proposamenak ekarriko ditu programeak Atriora.

Mezerg musikaria izango da lehenengoa irailaren 27an, zapatuan; urriaren 10ean, barikuan, Idoaren txandea izango da, eta zemendiaren 22an, zapatuan, Marc Scibiliak zarratuko dau zikloa.

Kontzertuak 22:00etan hasiko dira baina 20:30etik aurrera jenteak aukerea izango dau Museoko erakusketak talde txikietaan ikusteko. Gainera, Atrioan bertan jarritako taberna-zerbitzuak edariak eta pintxoak eskainiko ditu (konsumizinoak ez dira sarrerearen prezioan sartzen).

Mezerg Marc Scibiliaren kontzertuetarako sarrerek 38,50 € balio dabe Museoaren Lagunentzat eta 34,65 € ganerakoentzart; Idoiaren kontzerturako sarrerak, barriz, 30,80 euroan dagoz Museoaren Lagunentzat eta 27,50 euroan publiko orokorrarentzat. Sarrerak Museoaren webguneko jardueren atalean erreserbetan dira hemen.

Museoaren Lagunentzako aurre-salmentea garagarrilaren 17an hasi zan eta salmenta orokorra, barriz, garagarrilaren 24an.

Musika-programatzailea: Last Tour.

  • Mezerg (irailak 27).

Nazinoarteko panoraman sormenik handieneko musikarietako bat da. Artista frantsesak etxean egiten zituan bideoei esker nabarmendu zan: eskuak eta oinak erabiliz, techno musikea inprobisetan eban kamerearen aurrean. Bere ibilbidean zehar, elektronikea eta genero musikal horretan ezohikoak diran tresnak buztartu eta parebako zuzenekoak eskaintzen ditu ezusteko elementuakaz musikea sortuz, berbarako, zulagailu bategaz.

  • Idoia (urriak 10).

Aramaioarra Euskal Herriko musika-eszenan ezusteko handienetakoa izan zan 2021. urtean. 21 urte besterik ez zituala, Ilun eta abar lehen lana atara eban klasikoen kutsua galdu barik egitura garaikidez eregitako heldutasuna darien 7 abestigaz. Gure sustraiak, folka, popa nahiz bossa nova bildur baik nahasten dituen kantuak danak be.

De amar y desandar lanagaz, barriz, azken hilebeteetako bizipenak eta gomutak helarazo deuskuz.

  • Marc Scibilia (zemendiak 22).

More To This singleagaz egin zan ospetsu eta bere ahotsa berehala nabarmendu zan musika modernoaren esparruan bere letra sentiberei eta melodia hunkigarriei esker. Abestia zubi moduan erabili eban izenburu bereko albuma sortzeko. Bertan, bere oraina, joandakoa eta etorkizuna jorratzen ditu, folk, musika alternatibo eta pop kutsuak tarteko dirala.

Miloe eta erdi jarraitzaile baino gehiago eta ia mila miloe erreprodukzino ditu sare sozialetan eta aurten emon behar dituen hainbat kontzertutarako sarrera guztiak agortuta dagoz daborduo.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu