Laboral Kutxa-Euskadik Emakumezkoen Frantziako Tourrean parte hartuko dau
2025-07-23 11:07 KirolaBigarren urtez jarraian.

Garagarrilaren 26tik abuztuaren 3ra emakumeentzako txirrindularitza lasterketa onena egingo da. Aurtongo ibilbidean bederatzi etapa izango dira. Vannesetik (Britainia) hasi eta Alpeetan amaituko da, Châteleko etapan hain zuzen be. Tropelak 1.165 kilometro egingo ditu pedalei eraginez Frantzian zehar eta Morbihan, Plumelec, Finisterre, Brest, Quimper, La Gacilly, Angers, Saumur, Poitiers, Guéret, Clermont-Ferrand, Ambert, Bourg-en-Bresse, Chambéry, Saint-François-Longchamp eta Praz-sur-Arly lako urietatik igaroko da.
Emakumezkoen Tourra 1955ean jaio zan arren, edizino bakarra izan eban. Hamarkada batzuk aurrerago, 1984tik 1989ra barriro be atondu zan arte. Ondoren izen eta atontzaile aldaketa batzuk izan zituan, baina 2009an amaitu zan. 2000, 2001 eta 2003ko edizinoak Joane Somarribak irabazi zituan, Laboral Kutxa-Euskadiko taldearen egungo enbajadoreak. Hainbat emakumen presinoari esker, 2014an Eliseo Zelaietan gizonezkoen Tourrean egindako egun bakarreko klasikoa bezela berbiztu zan, 2021era arte. Harrera bikaina izan ebanez, hurrengo urtean egungo formatuagaz itzuli zan, hainbat etapagaz. Horri esker, txapelketea handituz joan da jarraipen eta ospe aldetik.
Ondoko honeek dira parte hartuko daben taldekideak: Idoia Eraso, Usoa Ostolaza, Ane Santesteban, Laura Tomasi, Alba Teruel, Cata Soto Campos eta Alice Arzzufi.
Balioak dituan proiektua
Txirrindularitzea beti izan da erreferentziako kirola Euskal Herrian eta Euskadi Fundazinoa erreferentziako kirol-proiektua izan da azken 30 urteetan gure inguruko milaka jarraitzaile eta txirrindularientzat. 2019an ekin eutson ibilbideari eta 6 urte aurrerago Frantziako Tourra bigarren urtez jarraian egingo dau.
Laboral Kutxak konpromiso sendoa dauka tokiko kirolakaz, emakumeen garapenagaz eta talentu gazteagaz, holako ekimenek erakusten daben lez. Horreei esker, euskal emakume txirrindulariek munduko lasterketa onenetan parte hartzeko aukerea izan dabe, etxetik kanpo taldea topau behar izan barik.
Gainera, txirrindularitzari laguntzeak mezu garrantzitsua bialtzen deutse herritarrei eta inspirazino iturri da emakume kirolari belaunaldi barrientzat. Gainera, hain kirol gogorra danez, ahalegina, bardintasuna eta taldelana lako balioak sustatzen dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!