Harrera egin jake Foru Jauregian Euskal Pelotako Nazinoen Ligako atontzaile eta parte-hartzaileei

Bizkaie! 2025-11-24 08:50   Kirola

Zemendiaren 23tik 29ra Barakaldoko eta Bilboko frontoietan jokatuko da Nazinoen Ligea.

Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Ibone Bengoetxeagaz batera, Euskal Pelotaren Nazinoarteko Federazinoa (FIPV) hartu dau Foru Jauregian, Xavier Cazaubon presidentea eta Pablo Lambardi idazkari nagusia buru zirala, bai eta Euskal Pelotaren Nazinoen Ligearen beste edizino batean parte hartuko daben 10 herrialdeetako ordezkaritzetako ordezkariak be. Aitatu Ligan Euskadi, Frantzia, Espainia, Mexiko, Argentina, Bolivia, Portugal, AEB, Txile eta Kuba.

Ekitaldian izan dira Euskadiko Pelota Federazinoko buruorde Asier Amondo, Bizkaiko Pelota Federazioko presidente Iñigo Aurtenetxe eta buruorde Naia Our, eta Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendari Carlos Sergio eta Gorka Iturriaga, hurranez hurran.

Lehen mailako kirol hitzordu honek hainbat herrialde eta modalidadetako pelotariak batuko ditu Euskadin, euskal pelotaren nazinoarteko erreferente bilakatuz. Euskal Selekzinoak aukera eta erronka izango ditu, etxean ezker paretako eta 36 metroko espezialidadeetan dauen maila bikaina erakusteko.

Txapelketea sano esanguratsua izango da, Argentinako Venado Tuerton jokatuko dan 2026ko Munduko Pelota Txapelketarako sailkatze fasea izango baita.

Euskal erakundeak pozik agertu dira Bizkaian nazinoarteko proiekzinoa, kirol-konpromisoa eta euskal pelotearen aurrek harrotasuna buztartzen dituan hitzordu bat hartzeagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu