Euskal Pelotaren Nazinoen Ligea Euskadira bueltauko da zemendian

Bizkaie! 2025-11-10 10:22   Kirola

Barakaldo eta Miribillako frontoietan jokatuko dabe zemendiaren 23tik 30era.



Ezker paretako modalidade guztietan ibiliko dira mundu osoko pelotariak, zenbait barrikuntzagaz. Zesta-puntako partiduak Barakaldon jokatuko dira eta Miribillako Bizkaia Frontoia hartuko ditu gainontzeko partidu eta modalidadeak.

Gizonezkoen mailan, paleta larruz, pala motzean, pelota egokituan, eskuz banaka eta binaka eta zesta-puntan buruz buru ibiliko dira pelotariak eta emakumezkoetan, barriz, zesta-puntan banaka eta eskuz lau eta erdian eta binaka lehiatuko dira.

Barrikuntzea da Nazinoarteko Euskal Pelota Federazinoak jokamolde barri bi sartu ditu Nazinoen Ligako egutegian: pelota egokitua eta emakumeen banakako lau eta erdiko modalidadea, euskal pelotea be gero eta kirol inklusiboagoa bihurtzeko asmoagaz.

Erakundeetako ordezkariek ilusinoz hartu dabe pelotazale bizkaitarrak aseko dituan txapelketea. Jose Mari Mitxelena, Euskadiko Pelota Federazinoko presidenteak Federazinoa eskertu dau Euskal Selekzinoa kide lez onartzeagaitik eta nazinoarte mailan lehiatzeko aukerea emon izanagaitik: hainbeste urteeta lanean ibili ostean, amesa egia bihurtu da, pelota airean dago eta orain pelotari eta pelotazaleek aukera parebakoa izango dabe herri honek kirol honi daukotson maitasuna mundu osora zabaltzeko. Erreferentziazko txapelketa bat izango dogu gure artean, mundo osoan gure herria, gure kirola, gure selekzinoa eta gure atontzek erak ezagutu deiezan.

Kirol erronkea

Baina munduan zehar euskal pilotan aritzen diren kirolarien alkargune parebaka izateaz gan, Bilbo eta Barakaldon egingo dan Euskal Pelotearen Nazinoen Liga hau lehen mailako kirol erronka bat be izango da Euskal Selekzinorako.

Selekzinoak protagonista izateko beste aukera eder bat izango dau, non eta etxean. Jakina da ezker paretan eta 36 metrotan Euskal Pelota Selekzinoak sekulako mailea dauela, baina hori
guztia kantxan erakutsi beharko dabe pelotariek, erantzukizun handiko lehian. Izan ere, Liga honetan Argentinako Venado Tuertoko 2026ko Munduko txapelketarako sailkapenak egongo baitira jokoan.

Euskal erakundeetako ordezkariek be ilusinoz eta arduraz hartu dabe Bilbon eta Barakaldon egingo dan lehen mailako kirol ekitaldi hau atontzeko prozesua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu