Ume eskola barriaren obrak hasi ditue Txurdinagako HLHI ikastetxean
2025-07-23 10:16 Pil-pileanProiektuak 52 plaza publiko barri eta dobakoak batzen ditu 0 eta 2 urte bitarteko umeentzat.

Azpiegitura barri honi esker, Txurdinaga HLHIko Ume Hezkuntzako eraikinaren beheko pisuan kokatuko dana, familiei plaza gehiago eskaintzea bermatzuko da, txikitatik hezkuntzarako sarbidea errazteaz gan, adierazo dau Eider Bilbao Bilboko Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak.
Ume-hezkuntzea unibersalizetako bidean urratsak egiten jarraitzeko asmoari helduta, Bilboko Udaleko Hezkuntza Arloa beste ume eskola bat eregiten dabil Txurdinaga HLHI ikastetxean auzoari 0 eta 2 urte bitarteko umeentzako 52 plaza publiko barri eta dobakoak eskainiz.
2023an ume eskola publikoetan zerbitzuaren dobakotasuna ezarri ondoren gero eta plaza gehiago eskatzen diralako egin da jarduera hau, eta aurrerapauso handia da Bilbon dobako eta kalidadeko ume-hezkuntzea lortzeko. Gainera, lehendik dagozan ikastetxeetan integretan danez, hezkuntza-jarraitutasuna eta familia-kontziliazino handiagoa bermatzea lortzen da, azaldu dau zinegotziak.
Proiektuak Next Generation funtsen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren finantziazinoa dauka, zehazki 21. osogaia beteteagaitik: Hezkuntza-sistemearen modernizazinoa eta digitalizazinoa, baita 0-3 urte bitarteko hezkuntza goiztiarra be. Horri esker, Txurdinaga HLHIk 0 eta 12 urte bitarteko hezkuntza-jarraitutasuna bermatu ahal izango dau Pio Baroja HLHIko ikasleak 2025-2026 ikasturtean integrauko dituan ikastetxe berean.
Ume eskola barri hau, 1.387.014,97 euroko aurrekontuagaz (BEZa gogoan hartuta) eta % 67,48ko finantziazino europarragaz, aurtengo abenduaren 31 baino lehen amaituta egotea aurreikusten da, edegiera-datea 2026ko lehen hiruhilekorako baita. Kasu honetan, gainera, 500 metroko azalerea da eta ume eskoleak behar bezela funtzionetako behar diran erabilera osogarriak izango ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!