'Helburua da jai lasaiak bermatzea'

Bizkaie! 2025-07-22 09:37   Pil-pilean

Getxok dispositibo zabala jarriko dau martxan.

Getxoko Udalak jai jentetsuenetarako (Algorta, Romo, Portu Zaharra eta Areeta) eta Aixerrotarako Paelletarako segurtasun-dispositibo berezia atondu dau.

Helburua da persona guztiek giro alai, seguru eta errespetuzkoaz gozetea. Ekitaldian Amaia Aguirre alkateak, Keltse Eiguren Udaleko Segurtasun arloko zinegotziak eta Tomás Santin eta Joseba Andoni Expósito, Getxoko Udaltzaingoko eta Ertzaintzako komisarioek, hurranez hurran, hartu dabe parte.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzeak segurtasun-operatibo bateratua ezarriko dabe eta hurrengo neurriak nabarmendu daitekez:

  • Erdigunean karpa bat jartea, jai-eremu bakotxean identifiketako modukoa, laguntza eta informazino eraginkorra eskaintzeko.
  • Arma zurien kontrolak egitea puntu estrategiko eta ordu ezberdinetan eta berehala jardutea edozein burruken ondorioz.
  • Edade txikikoen alkoholaren salmenta eta konsumoa kontroletea.
  • Alkoholemia-kontrolak hainbat ordutan eta udalerriko hainbat kaletan.
  • Jai-esparru bakotxean segurtasun-burbuila bat ezarriko da herritarren ondoan egoteko, beharrizanik balego edo informazino garrantzitsua behar izan ezkero di-da lagundu eta zabaltzeko.
  • 2024an bezela, ingurunea jagoteko kamerak egongo dira.
  • Kalez kale jagoken baimenik bako elikagaien salmentea kontrolauko da.
  • Lokalen eta ekitaldien ordutegiak zabaltzea/zarratzea kontrolauko dira.
  • Gune moreakaz hartu-emonetan egongo da, indarkeria matxistearen biktimak hasieratik babesteko eta egileak berehala atxilotzeko.
  • Jai bakotxean behar diran trafiko-mozketak eta desbideratzeak egingo dira, ahalik eta eragozpen gitxien sortuz baina esparru guztiak persona guztientzat seguruak izateko helburuari eutsiz.

Era berean, Babes Zibilak ekitaldi guztietako segurtasuna jagongo dau, azpiegiturak behar bezela instaletan dirala bermatuz, eta jaietako programetan sartutako jarduera bakotxari beharrezkoak diran auto babes-baliabideak emonez: osasun-zerbitzuak (anbulantziak, osasun-langileak...), ebakuazino-bideak, larrialdietako ibilgailuetarako sarbideak, suteen kontrako babes-bitartekoak eta bestelakoak. Auto babeserako Plana ezarriko da paellen kasuan, bai eta gainerako jaietan beharrezkoak diran segurtasun, dokumentazino eta higiene-neurriak be.

Amaia Aguirre alkateak zehaztu dauenez, udako jaiak dira Getxon gehien espero diranak, hunkitzen eta talde baten parte garala sentiarazoten gaituenak. Pozik eta errespetuz bizitea da asmoa eta, horretarako, segurtasun-dispositibo sendo bat atondu dogu, guztiak jagonda sentidu gaitezan, ondo atondutako baliabide eta eraginkortasunez jarduteko prest dagozan profesionalakaz. Baina segurtasuna ez dabe erakundeek eregiten, danok gara herriaren parte, danon artean eregiten dogu herria. Danok daukagu zer eskaini. Horregaitik, jaietan parte hartzen dabenen errespetua, herritartasuna eta lankidetzea eskatzen ditugu. Keinu bakotxak balio dau, jai herrikoiak eta erasorik bakoak izatea, garrantzitsuena ondo pasetea baita, gure kulturaz, musikaz eta topaketez gozetea. Ez dogu istilurik nahi. Getxoren ezaugarri diranakaitik gogoratu eta bizi nahi ditugu jaiak: pozagaitik, bizikidetzagiatik, alkarrekazko errespetuagaitik eta guztiok batera gozetako askatasuna izateagaitik.

Getxoko Udaltzaingoko eta Ertzaintzako komisarioek nabarmendu dabenez, helburua da jai lasaiak bermatzea. Ondo dimensionautako dispositibo fidagarri bat zabaldu dogu, jazo daitekezan gorabeherei aurrea hartzeko eta, beharrezkoa izan ezkero, azkar jarduteko. Baina baliabide teknikoak edo personalak bezain garrantzitsuak dira persona guztien jarrerak. Errespetua, lankidetzea eta sena eta intuizino ona oinarrizkoak dira dana normaltasunez igaro daiten. Igaz, jazoera nabarmenik barik ospatu ziran jaiak eta espero dogu aurten be modu berean gertatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu