Garagarrilaren 29an hasiko da Boisen euskal diasporearen munduko topagunea
2025-07-18 07:40 KultureaPrograma ofiziala garagarrilaren 29tik abuztuaren 3ra izango da.

Hamar urte joan dira Boisek azken Jaialdi entsutetsua egin zanetik. Bost urtean behin egiten da baina 2020ko Covidaren pandemiak eten egin eban ibilbidea eta 2021ean eta 2022an egiten saiatu baziran be, berehala jaubetu ziran batean zein bestean zuhurtzia zala egun horreetan ondoan izateko lagunik onena eta, beraz, bertan behera itxi zituen saiakera horreek. Itxaropen handiak eta Jaialdi-gosea iragarri da beraz, egun gitxi barru ateak zabalduko dituan Jaialdi 2025en inguruan. Edizino guuztietan, euskalKultura.eus-ek presentzia izango dau bertan, eta jazoten danaren barri emongo dau bertatik bertara. Baita hitzorduaren aurretik be, alkarretaratzearen inguruko hainbat arlo eta alderdi jorratuz.
Boiseko Basque Block ezagunean izango dira ekitaldi gehienak, uriaren bihotzean, eta horregaz batera, Expo-Idaho eremua, urigunetik kanpo. Autobusak egongo dira. Beste ekitaldi jakin batzuk urigunean egingo dira, Basque Blocketik kanpo, baina oinez joateko distantzian: Sports Night, Festara! (sic) harrera-jaialdi artistikoa edo Dantzaldia (erromeria edo berbena), Idaho Central Arena polikiroldegian egingo dira, Basque Blocken ondo-ondoan; eta oinez joan ahal izango da; domekan, San Inazio meza nagusia egingo da Saint John Katedralean, euskal koru, jantzarien prozesinoa San Inazioren irudiagaz eta eleiz-barruan be jantzariak izango dira jantzan.
AEBetako euskal etxe eta komunidadeetatik, bertako hainbat kantu, jantza eta talde artistiko Jaialdiratuko dira. Jantza taldeetan, Battle Mountaineko Oberenak (Nevada), Elko Arinak Dantzariak (Nevada), Chinoko Gauden Bat (Kalifornia), San Frantziskoko Zazpiak Bat (Kalifornia), Utahko Triskalariak (SLC, Utah) eta Idahoko Herribatza Dantzariak (Homedale), Gooding Gazteak (Gooding) eta Boise bertako Oñati Dantza Taldea, Boiseko Gazteak eta Oinkari. Abesbatzetan, Boiseko Biotzetik Basque Choir. Eta musika taldeetan, Boiseko Amuma Says No eta Txantxangorriak.
Euskal Herritik joango dira ondoko musika eta jantza talde eta bertsolariak: Gatibu, Neomak eta Xabi Aburruzaga; bertsolariak: Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal eta Xabi Paya; eta jantza taldeen artean, Añorgako Arkaitz Dantza Taldea, eta Tio Teronen Semeak euren ikuskizunaga. Tartean eta programatik kanpo, musikari eta talde gehiago be ibiliko dira.
Herri kirolen munduak ordezkaritza zabala izango dau Boisen zale asko baititue eta gauetako baten protagonistea Expo Idahon be erakustaldi ugari izango dira. Boiseratuko dira Inhar Urruzuno (harria), Iker Vicente Saralegi (aizkora), Mikel Lopetegi (harria), Mikel Larrañaga (azkorea), Julen Alberdi (azkorea), Aitzol Atutxa (azkorea), Kerman Pérez de Heredia (txinga, trontzea, sokatira), Jose Martin Bustintza (lasto jaurtiketa), Nerea Egurrola (txinga, ingudea, trontza, sokatira), Nerea Arruti (aizkora pentatloia), Karmele Gisasola 'Zelai' (harria pentatloia, ingudea, aizkora), Gari Garmendia (harria, aizkora) eta Paulo Azpiazu (harria).
Egitarau ofizialetik kanpo, beste alkarretaratze bi egingo dira Jaialdigaz batera Boisen. Batetik Ipar Amerikako euskal etxeen ordezkarientzat, NABOk bere 2025eko Convention Nagusia egingo dau abuztuaren 1ean, barikuan, uriko Boise Centren. Gogoratu NABO Ipar Amerikako euskal etxe eta alkarteak batzen dituan federazinoa dala eta urtero udan egiten dauela bere bilera nagusia dauen Convention, AEBetan, Kanadan eta Saint Pierre eta Mikelunen dituan euskal etxe afiliatuen ordezkariak deituta.
Bestetik, alor akademiko eta zabalkundekoan, Zortziak Bat Sinposioa egingo da garagarrilaren 30 eta 31ean BSU (Boise State University) unibersidadean, Rowing Together, International Symposium on the Basque Diaspora and Cultural Expressions goiburuari eutsiz edo euskeraz esanda (euskerea be Sinposioko hizkuntza ofiziala da), honakoa Elkarrekin arraunean, euskal diaspora eta kultura adierazpenei buruzko nazinoarteko sinposioa, egoitzea BSUko Micron Business and Economics Building (MBEB) dauela. Sarrera librea izango dau. Atontzaile bertako The Basque Studies Foundation, lankide dituala San Frantziskoko The Basque Educational Organization (BEO) eta BSU unibersidadea bera.
Herriko administrazinoak bere bertaratuko dira, eta Imanol Pradales lehendakaria izango da Eusko Jaurlaritzaren delegazinoko buru. Beste erakunde batzuk be batuko dira, foru aldundiak kasu eta bereziki Bizkaiko Foru Aldundia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!