Bermeok Palestinaren aldeko alkartasun mezua zabalduko dau Madalen Egunean
2025-07-17 12:45 Pil-pileanTeileak Bermeotik Gazara mezua eroango du, Palestinako bandereagaz batera.

Bermeotarrentzako hain garrantzitsua dan Madalen Eguna garagarrilaren 22an izango da eta aurten be tradizinoak eta jai giroak bat egingo dabe Izaro ugartea protagonista dauen Madalen Egunean. Bermeoko Udalak antxinatik egiten dauenez, Izaro islearen ipar-ekialderantz dagozan mugak adierazoko ditu. Horretarako, betiko moduan, alkateak teilea botako dau ondoso esanaz: Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak.
Alkateak itsasora botaten dauen teileak sinbologia berezia izaten dau, eta aurtengoa be oso berezia izango da: Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak azaldu dauenez, aurtengo teileak Bermeotik Gazara mezua idatzita eroango dau, Palestinako bandereagaz batera. Euskal Herriko herri batzuetan hasitako Palestinaren aldeko keinu eta aldarrikapenakaz bat egitea erabagi dau Bermeoko Udalak Madalen Egunean. Palestinaren aldeko olatua hartuko dau Bermeok. Aukera ederra da herritarren sentimendua erakusteko eta palestinar herriak bizi dauen sarraskia salatzeko. Ekimen hau ez daa politika kontua, konpromiso etikoa baino, giza eskubideen alde egiteko eta zibilen sufrimendu bidebaka salatzeko. Ezinbestekoa da herritarren sinismen eta sentimenduak erakundeetara eroatea, mezuak indar handigoa zabalagoa izan daian.
Alkateak nabarmendu dau keinua sinbolikoa dala, baina garrantzitsua, gizartearen aldarria entzunarazoteko: Bermeok ez dau gure mugarri dan teilea botako, isiltasuna apurtzeko keinua egingo dogu, olatu erraldoi batek Gazaraino eroango dauen alkartasun mezua zabalduko dogu.
Kontuak kontu, Gernika Palestina alkartekoek zapiak, banderak eta bestelako ikurrak saltzeko mahaiak jarriko ditue hurrengo egunetan: garagarrilaren 18an, 19:00retan, Goiko Plazan eta 20n, barriz, 12:00etan, Goiko Plazan.
Madalen Eguneko egitaraua
Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak azaldu dauenez, Madalen Eguna Kankinkabara txistu taldearen kalejireagaz hasiko da. 11:45ean, Udalbatza Goiko Plazan batuko da eta, Alkate soinua entzun ostean, porturantz abiatuko da Kankinkabara txistu taldeagaz kalejiran. Txistulariek ohiko Madalen zortzikoa joko dabe.
12:00etan hasiko da itsas-jaia. Ontziratzea eta lehorreratzea izotz fabrikearen parean izango da. Ondoren, Bermeoko Udalak herriko banderearen eta ikurrinaren jasoerea egingo dau Izaron eta alkateak teilea jaurtiko dau Bermeorenak diran mugak berretsiz.
17:30ean, udalbatza Elantxobetik Mundakara joango da eta 19:30ak inguruan helduko dira Bermeora. Portutik udalbatza Goiko Plazaraino abiatuko da Betijai fanfarreagaz. Bermeoko banderea eta ikurrinea altzau ondoren, aurreskuak eta zabaletakoak egingo dira.
Eta, bigarren urtez jarraian, Baztarreko jaietan Alde Zaharreko jaien azken eguna izango da. Bihar bertan hasiko dira jaiak Goiko Plazako Kabidxe Gune Sozialaren X. urteurreneko ospakizunakaz eta domekara bitartean askotarikoak egongo dira Alde Zaharrean. Domekea, Palestinari alkartasuna adierazoteko eguna izango da eta, besteak beste, Gazako Sol Band taldearen saio berezia nabarmendu daiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!