Ertibil Bizkaiak Punta Begoña aukeratu dau barriro aurtengo ibilbideari ekiteko

Bizkaie! 2025-07-16 07:45   Kulturea

Hiru sarituak Amaya Suberviola, Gabriele Muguruza eta Izaskun Araluzea dira.

Gaur goizean, Punta Begoñako Galerietan, Euskera, Kultura eta Kirol Saileko foru diputaduak, Leixuri Arrizabalagak, Ertibil Bizkaia Ikusizko Arteen Erakusketa Ibiltariaren erakusketea inaugurau dau, Amaia Agirre Getxoko alkateagaz eta edizino honetan parte hartu daben artistakaz batera.

Bizkaiko Foru Aldundiak atonzen dau lehiaketa hau eta bere ibilbidearen lehen etapan, Bizkaiko Lurralde Historikoan sormen-proiektuak egiten dituen artista bisual emergenteen sormen-ekimenei laguntzea dau helburu. Holan, lanak erakusteko, artista gazteakaz konektetako eta ibilbide profesionala lantzeko urratsak egiteko aukerea eskaintzen deutse.

Leixuri Arrizabalagak aurkezpenean azpimarratu dauenez, artea lurralde bat ulertzeko eta momentuan momentuko ardurak, amesak eta ikusmoldeak adierazoteko modu bat da. Horregaitik da hain garrantzitsua gazte talentudunen adierazpen askatasunerako Ertibil eta antzeko espazioak sortzea, izan be, ekimen honek 40 urtetik gorako tartean lortu dau artearen bidez ateak edegitea, bideak argitzea eta komunidadea indartzea.

Amaia Aguirre Getxoko alkateak zehaztu dauenez, harro egoteko modukoa da Ertibil Bizkaiak bere ibilbidea Punta Begoñan barriro hastea, eraldatzen dagoan eta Getxon erreferente kultural lez sendotzen dagoan leku batean. Konpromiso sendoa dogu sortzen dagoan talentuari ateak edegiteko eta sorkuntzarako, topaketarako eta erakusketarako espazioak eskaintzeko. Duda barik, Ertibil Bizkaia lako ekimenek Getxoko bizitza kulturala indartzen dabe eta persona gehiagok Punta Begoñaren balio artistiko, historiko eta soziala deskubridute laguntzen dabe

Artelanek (orio-pinturea, akrilikoa, pastela, bideoa, eskulturea eta argazkigintzea) ezin egokiago islatzen dabe parte-hartzaileen sormena eta adierazpen personala.

Hiru artista sarituak Amaya Suberviola, Gabriele Muguruza eta Izaskun Araluzea dira eta Ertibil Bizkaia 2025erako hautatuak, barriz, Leire Aranberri, Leyre Arraiza, Iratxe Barcina, Adrián Castañeda, Mariem Iman, Maider Gonzalo, Pablo Gubbins, Jorge Isla, Antton Goikoetxea, Idoia Leache, Ainhoa Lekerika, Angela Rodriguez, Beñat Krolem, Elisa Villota eta Judith Voet.

Ertibil Bizkaia ekimeneko epaimahaia honako honeek osotu dabe: Leonardo Burge Badiolak, Ertibil Bizkaia 2024 lehiaketako artista irabazleak; Andrea Estankona Loroñok, EHUko Arte Ederretako irakasleak; Sahatsa Jauregi Azkaratek, artisteak; eta Helena López Camachok, Uribitarteko (BilbaoArte) arduradunak eta erakusketearen harian argitaratutako katalogoko testuen egileak.

Erakusketea Bizkaian barrena

Punta Begoñako erakusketea Bizkaiko hainbat udal erakusketa aretotan egingo dan ibilaldi baten hasiera baino ez da. Bertan, lan honeek publikoa liluratzen jarraituko dabe euren aniztasun eta sormenagaz.

Ertibil Bizkaia 2025 Punta Begoña Galerietan izango da abuztuaren 31ra arte. Irailaren 1etik urriaren 13ra Derioko Kultur Birikan izango da.

Ertibil 2025 ekimenak Basauriko Ariz Dorretxean jarraituko dau zemendiaren 4tik 30era.

Azkenik, Arrigorriagako Euskaldun Berria erakusketa aretoan izango da erakusketea, abenduaren 1etik 30era.

Egonaldiak Japonian

Ertibil Bizkaia erakusketearen osogarri, saritutako artistei egonaldi artistikoak eskainiko jakez Japonian eta Leo Burge, M. Benito Píriz eta Lucía Jayo Altamirano 2024ko edizinoko artista irabazleek Koganechon (Yokohama), Joshibi Universityn (Sagamihara) eta Paradise Airen (Matsudo) egin zituen artistentzako egonaldiak.

  • Lehen saria: Amaya Suberviolaren ST24019 (Teklatuaren metodo laburtuak) obreak irudikapen figuratiboari desafio egiten deutso formearen, kolorearen, ehundurearen edo argiaren erabilerearen zatiketa eta gainjartea dirala medio. Holan, gizarte garaikidean eta aro digitalean irudiak eregiteari buruz hausnartzen dau, baita horreen euskarriei eragiten deutsen arauei buruz eta edukiontzi horreek emoitzazko irudian eragiten dituen aldaketei buruz be.
  • Bigarren saria: Gabriele Muguruzaren Alkarren atzetik jolaska dabiltza tximistazko suge (2025). Diziplina anitzeko artistea da eta bere lanaren ezaugarri nagusia lengoaia abstraktua erabiltea da, marrazkia eta hiru dimensinoak ardatz hartuta. Aitatu lanak marrazkia, geometria eta irudien sorrerea ditu ardatz nagusi.
  • Hirugarren saria: Izaskun Araluzearen Peppa. Artisteak artelanaren corpusa landu dau, marrazkian oinarrituz. Koloretako arkatzez egindako konposizinoak, argiak, mobimentuak eta trazuak aparteko garrantzia hartzen dabe. Marrazteko prozesu edo ekintzaz interesauta, Araluzeak bere marrazkiei formea eta lekua emoteko teknikea landu dau. Formatu txikietan hasi eta neurri handiagoetara  zabaltzen jarraitzen dau, bere lengoaia propioa eta irudiak konponiduteko ahalik eta urrunen eroateko asmoz.

Artista hautatuak:

  • Leire Aranberri (Bilbo, 1993) 3 Kisses kanal biko soinu-instalazioa da, eta hiru abestiren bertso-zatiak entzuten dira aldi berean: Yoko Onoren Kiss (1980), Laurie Andersonen Superman (1981) eta La Zowiren No Lo Ves (2020).
  • Leyre Arraiza (Izaba, 1997) XXX (2023) sabaitik esekita egoteko pentsatutako eskultura da eta artisteak zenbait material, pisu eta akaberarekin egindako bolumen sorta bat buztartzen dau.
  • Iratxe Barcina (Mungia, 2003) Titulurik gabea (2024), aluminiozko xaflen mihiztaduratik abiatuta egindako instalazio eskultoriko bat da, eskegita eta hormatik metalezko egitura baten bidez bereizita dagoana. Portugalgo eraikin baten obra-prozesuan artisteak materialagaz ezustean izandako topaketatik sortu zan piezea.
  • Adrian Castañeda (Salamanca, 1990) Titulurik gabea (kamioi-gurpila) (2024) Edukiaren proiektuan edo beste zeozeren barruan dagoanaren egitasmoaren barruan kokatzen dan lana. Bertan, artisteak migrazino-politikei eta personek igaroaldi horreetan dituen egoera eta baldintzei buruzko gogoetea egiten dau.
  • Mariem Iman (Huelva, 1994) Check mah technique! ;) (2025) hiru dimensinotako lana da, marrazkia eta eskulturea buztartzen dituana eta eskulana, irudien manipulazinoa, kopia, dekorazinoa eta idazketea presente dagozan lan-prozesu batean bilbatzen dana.
  • Maider Gonzalo (Erandio, 1994) Urraka (2025) eskultura-instalazinoa da, elementu geometrikoak eta eguneroko errealidadearen aurrean gogorapena buztartzen dituana. Mahai bat eta jarleku bat; holan, bolumen kubikoen jokoari eta elementuen aldaketeari esker artisteak lortu dau esangura barriak hartzen dituan zeozer bihurtzea.
  • Pablo Gubbins (Temuco, Txile, 1992) Nube Pesadilla (2025) piezea Hodeien eta onirikoaren arteko alkarketatik hasten da, zeru batean kokatutako fantasiazko itxaropen horretatik. Itxaropenezko sensazino hori metalezko objektu zorrotz herdoilduei kontrajarten jake eta azken horreek hodeien formeari erreferentzia egiteko asmoz landutako papela kutsatzen dabe.
  • Jorge Isla (Huesca, 1992) Fotosintesia (2025) dimensino bitako pieza bat da, teknologiari, konsumismoari eta zaharkitzeari buruzko gogoetea egiten dauen lan moltsoan kokatzen dana eta gizakiagaz jazoten dan lez, bere hondakinen bidez geruza geologiko barri bat lortzen da.
  • Antton Goikoetxea (Mungia, 1990) Beilegie (2024) Kareharriak seriean garatutako logikak luzatzen dituan eskultura bat da. Proiektu horretan artisteak mundu fisikoaren arkitekturearen eta ingurune digitaleko egituren arteko alkarrizketea ezarri eta gogoeta egiten dau teknologiak eta konputazino-hizkuntzeak errealidadea esperimentetako eta eregiteko moduan daben eraginari buruz.
  • Idoia Leache (Burlata, 1999) Chappell Roan (2025) eskulturearen (gorputzari jagokonez) eta erregistro performatiboaren arteko alkargunean batzen da, ha gauzatzeko prozesuan diziplina bien artean jazo daitekezan aukera guztiak ikertzeko eta lantzeko.
  • Ainhoa Lekerika (Lezama, 1998) My legs in the world (2025) argazkigintzea eta eskulturea buztartzen dituan instalazinoa da eta hainbat unetan garatutako lanen eta prozesuen metaketea proponiduten dau.
  • Ángela Rodriguez (Burgos, 1994) Autorretrato con rosa y calcetines (2025) formatu handiko argazki bat da, eguneroko eszena bat zuzenean eta bat-batean erreproduziduten dauena. Artisteak bere intuizinoari eta senari jarraituz egin dau eta horri esker, bat-batean giroak eta uneak lotu leikez.
  • Beñat Krolem (Barakaldo, 1990) Butterfly T-Blue (2025) gorputz eta aho-osogai performatiboa dauen instalazino eskultorikoa da. Izenburua karrozeria belikoaren nomenklaturearen eta ariketa fisikoko aparatu teknikoen berezko terminologiaren arteko loturan oinarritzen da.
  • Elisa Villota (Bilbo, 2000) This regal light (2024) artistak Helsinkin (Finlandia) egindako bideoa da, eta bere testuinguruaren erretratu berezia da. Ezkutuko giroen atzipenetatik edo urian jazoten diran xehetasunetatik abiatuta (itsasoaren mobimentua, edurra, giro-soinua...), kontakizun bat sortzen dau artisteak, joaneko jazoeraa edo memoria ugarien agertokiak pilotutea helburu dauena.
  • Judith Voet (Belgika, 1993) Bucle ontknopen/ontknoppen (jaregitea/botoiak kentzea) proiektuan kokatzen dan obrea, gaur egungo gizartean osasun mentala jorratzen dauen ikerketea, azken batean, eskulturearen eta performancearen bidez giza emozinoak esploretea proponiduten dauena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu