Bizkaiko Erromeria Eguna jaio da

Bizkaie! 2025-07-08 08:01   Kulturea

Urriaren 4rako atondu dabe, Durangon.

Ezkerretik eskumara: Jon Gomez, Leixuri Arrizabalaga, Sabin Bikandi eta Mireia Elkoroiribe. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Erromeria Egunaren lehenengo edizinoa aurkeztu dabe Bizkaiko Foru Aldundiak eta Danok Pro taldeak, Durangoko Udalagaz lankidetzan. Urriaren 4an, zapatuan, Durangon izango da.

Durangon izan da aurkezpen-prentsaurrekoa, Landako Gunean eta hor izan dira Bizkaiko Euskera, Kulturea eta Kirol foru-diputadu Leixuri Arrizabalaga, Durangoko alkate Mireia Elkoroiribe eta Danok Pro taldeko Jon Gomez Garai bozeroailea. Prentsaurrekoan izan dira Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia eta Paule Sánchez Durangoko Kultura zinegotzia be, Udaleko gainontzeko ordezkari politikoakaz eta Bizkaiko Erromeria Eguneko lehenengo edizinoan parte hartuko daben hainbat artistakaz batera.

Leixuri Arrizabalagak hasi dau Bizkaiko Erromeria Egunaren aurkezpena, erromeriak gure kulturea eta nortasunaren parte dira. Urteak aurrera joan ahala, gure gizartea aldatu dan lez, erromerak be egokitu egin dira gaur egungo estiloetara eta aurkezten dogun egitasmoa, horren adibide da. Beraz, belaunaldien arteko jaia izatea nahi dogu, gure kulturan oinarritutakoa, gure sustraietaz ikasteko aukerea emongo deuskuna.

Mireia Elkoroiribek, era berean, ondokoa nabarmendu dau: Durango euskal tradizinoaren, musikearen eta kulturearen epizentro bihurtuko da eta 30 taldetik gora ibiliko dira. Erromeria errastua daben herriko eragile guztiek be parte hartuko dabe. Sekulako aukerea eta ohorea da lehenengo edizinoan Durangon atontzeko aukerea eskaini izana, erromeriaren bidez gure ondare immateriala bizibarritu, belaunaldi barriei transmitidu eta gurea egiten jarraitzeko.

Bizkaiko Erromeria Egunak herri osoa erromeria giroz bustiko badau be, batez be, Landako gunea, horren alboko Ibaizabal parkea, Musika Eskolea eta Plateruena Antzokia be izango dira guneak, adierazo dau Jon Gomez Garaik, Danok Pro kooperatibako ordezkariak.

Edozeinentzako ikuskizuna hartuko dau urriaren 4an Durangok, holan nabarmendu dabe atontzaileek: Bizkaiko Erromeria Eguna ez da jantzariak edo musikariak diranentzako eguna izango, gure musikea eta jantzariakaz disfrutau nahi dauenak izango dauelako tokia hemen. Jantza-plazea izango dogu Aikoregaz, gaztetxoentzako jantzaldia Esna Gazte taldeagaz, Larrain Jantza herrikoia eskainiko dabe Gaztedi Dantza Taldeko gaiteroek, herri bazkariaren ostean helduak Luhartz taldekoakaz kantuan dabizen bitartean Goazeneko aktoreek be gaztetxoentzako kantaldia izango dabe… Erreferenteak diran musikariak be izango dira oholtzan, esterako: Ibon Koteron eta Julen Begoña albokariak, Iker Alvarez eta Aitor Urkiza txistulariak, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariak, baita Zabaleta eta Motriku trikitilari historikoak be.

Gazteentzako egungo erromeria formatu elektronikoan zarratuko da egitasmoa. Iluntzeko 20:00etatik hasita, gaur egun Euskal Herri osotik plazarik plaza dabizen lau erromeria talde bizkaitar igongo dabe Plateruena Antzokiko oholtzara: Gautegun, Zazpizar, Altxa Porru eta Zutik.

Gainera, egunean zehar, erromerien inguruko berbaldi, tailer eta kale animazinoak be izango dira eta horreen artean azpimarratu ditue, esaterako, Mairuek eta Barakaldoko erraldoi eta buruhandiak, Etxebarria aita-seme trikitilarien poteoa, Durangoko Sugarri txarangearen kalez kalekoa, Gari Otamendik eta Oier Araolaza jantza-adituek eskainiko daben berbaldi-jantzagarria (Korrotik pikutara izenekoa) edota euskal jantzietan aditua dan Ane Albisuk eskainiko dauen ikastaroa, buruko-zapia zelan jantzi ikasteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu