L.A.B. Trio irabazle Getxo Jazzeko 2025eko Talde Lehiaketan
2025-07-07 13:16 MusikeaEntzun hemen kontzertua.
L.A.B. Trio alemaniarrak irabazi dau Getxoko 48. Nazinoarteko Jazzaldiko Talde Lehiaketea. César Vidal & Artikulation Band taldeak, barriz, bigarren saria eskuratu dau eta IMB Special Quarteteko kontrabajisteak, David Guerreirok, bakarlari onenari emoten jakon saria jaso dau aurton.
L.A.B. Triok Alemania, Frantzia eta Hungariako gazteak batzen ditu. Berlingo Jazz Institutuaren barruan sortu zan taldea 2024an eta konposizino propioak interpretetan ditue, groove, funk eta fusinoko elementuak metala eta rock progresiboa buztartuz. Taldekideak ondoko honeek dira: Barnabás Miháy (baju elektrikoa), Alexandre Barthalay (pianoa eta sintetizadorea) eta Leela Faude (perkusinoa). Irabazlea aukeratzeko orduan, epaimahaiak oso ondo balorau dau hirukotearen interpretazino-kalidadea eta jatorrizko kantuen konposizinoa.
César Vidal & Artikulation Band taldeari jagokonez, jazz garaikideko boskote multinazionala da, Italia, Txile eta Espainiako instrumentistak batzen dituana: César Vidal saxofonisteak gidatuta, taldeak akustikearen eta digitalaren arteko alkarrizketea aztertzen dau, soinu-esperientzia barritzailea sortuz. Pietro Aloi (pianoa), Jon Carranza (kontrabajua), David Gimeno (bateria) eta Jorge Care (elektronikea).
Talde Lehiaketako irabazleek 4.500 euro jaso ditue eta CD bat grabauko dabe zuzenean. Era berean, irabazleek Eivissako Jazzaldian be parte hartuko dabe, Getxo Jazzaldiak horreekaz dauen lankidetza-hitzarmena dala-eta. Bigarren sariari 1.900 euro jagokoz eta, bakarlaririk onenak, barriz, 950 euro eskuratu ditu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!