'Ez da kasualidadea Elgoibarko Lanbide Heziketearen oparotasuna eta indarra'

Bizkaie! 2025-07-07 13:06   Kulturea

Elgoibarko Lanbide Heziketak 125 urte.



Tokiko garapen sozioekonomikoan Lanbide Heziketearen indar integrala bultzatu nahi izan da, ibilbidea, protagonistak eta egokitzeko gaitasuna balorauta. Bilakaerea aztertu da, oinarrizko mugarriak autortu, komunidade-harrotasuna sustatu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko hezkuntza eta enpresa-sektorearen arteko barrikuntzea eta lankidetzea sustatu.

Garagarrilaren hasieran egin da IMH Campusen Elgoibarko Lanbide Heziketak 125 urte, iragana, oraina, etorkizuna jardunaldia, EHUko UIK Udako Ikastaroen barruan. Ekitaldian Elgoibarko lanbide heziketearen historian sakondu, gaur eguneko ekarpenak aztertu eta etorkizunerako ikuspegiak konpartidu dira.

Jardunaldia Ixaka Egurbidek, IMHko zuzendari orokorrak, aurkeztu eban. Ondoren, Joxean Egañak (IMHko kidea) eta Paulí Davilak (EHUko irakaslea) lanbide heziketearen historiaren errepasoa egin eben, Elgoibarko kasua ardatz hartuta.

Horren ostean, belaunaldien arteko mahai-ingurua izan zan eta hor ikasle ohiek, irakasleek eta enpresa ordezkariek beren esperientziak konpartidu zituen. Ondokoek parte hartu eben: Jesús Mari Astigarraga (Danobat Group) moderatzaile bezela, Jesus Maria Bilbao Aizpiri (Maherholding), José Mari Bastida Zabaleta (MEKA-IMH), Alfredo Etxeberria Murua (BIDEGI-Elgoibarko Udala), Amaia Escudero Zabala (DEITEL-ILS). Guztiek, belaunaldien ikuspegitik, Elgoibarko lanbide heziketeak izan dauen bilakaerearen inguruko esperientziak eta hausnarketak konpartidu zituen.

Deskantsuaren ondoren, IMHko Joxean Egaña eta Imanol Iturriak eta Mekako Axun Larrañaga eta Agustin Agirrek ikastetxe bien proiektu barritzaileen barri emon eben eta jarraian, Mikel Navarrok (Orkestra – Deusto Fundazinoa) eta Nicolas Sagarzazu Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako zuzendariak lanbide heziketearen gaur egungo egoeraz eta etorkizuneko erronkez berba egin eben.

Alaitz Bastidak eta Jose Mari Beristainek gaur egun Elgoibarko lanbide heziketearen errealidade oparoa labur azaldu eta Ixaka Egurbidek emon eutson amaierea ekitaldiari, eskerrak emonaz hizlariei, bertaratutakoei, 125. urteurrenaren batzorde atontzaileari (Elgoibarko Udala, Makina Erremintaren Museoa, Elgoibarko makina erremintaren historiazaleak taldea, Meka eta IMH) eta urteurreneko enpresa babesleei, BESA, DanobatGroup, Geminis, Berkoa, Mancisidor, Ger Máquinas-Herramienta eta Laboral Kutxa.

Ez da kasualidadea Elgoibarko Lanbide Heziketearen bilakaerea, oparotasuna eta indarra. Jarraitu daigun bide horretan, talde-lanean eta sare-lanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu