Soka bat komunidade balioak lotzeko

Bizkaie! 2025-07-07 07:40   Kulturea

Ipuscoa berbeak 1000 urte bete ditu.

Lurralde bezela partekatzen ditugun balio nagusiak irudikatu eta aldarrikatu ditue Tolosan lurraldeko herri ordezkari nagusiek, Gipuzkoa berbearen idatziko testigantza zaharrenaren milurtekoa gogoratzeko atondutako ekitaldi nagusian. Gipuzkoako herri ordezkari nagusiak lotu dituan ohorezko sokajantzeak gorpuztu dau ospakizuna eta ekitaldiaren buru izan dira diputadu nagusia, Eider Mendoza; Batzar Nagusiak erakundeko presidentea, Xabier Ezeizabarrena; Tolosako alkatea, Andu Martinez de Rituerto; gainontzeko lurraldeko alkate eta herri ordezkarien partaidetzaz gan.

Altzoko Olazabaleko Salbatore monasterioaren dohaintza eskuizkribu batean geratu zan jasota, 1025. urteari erreferentzia eginez, Ipuscoa berbea. Hori dala eta, Tolosaldean egin da ekitaldia, Tolosako Euskal Herria plazan, hain zuzen be. Berton, eguerdian, Tolosako dultzaineroek jotako Gipuzkoako ereserkiak edegi dau ekitaldia. Ondoren, Gipuzkoako erakunde buruek sokajantzea egin dabe, diputadu nagusiak edegi eta Tolosako alkateak zarratuz.

Argia-Ikerfolk taldeko jantzariak lagun, Eider Mendoza diputadu nagusiak edegi dau sokajantzea eta Alpargata edo Esku-aldatzeko doinua jantzau dabe herri-ordezkarietako batzuk, guztien artean, Juan Antonio Urbeltzek esan bezela, udal protokoloaren jantza adierazgarriena gauzatuz, bardintasunezko jantza inon halakorik badago. Tolosako alkateak, Batzar Nagusietako presidenteak eta diputadu nagusiak egindako berben ondoren, barriz, Irradaka jantza eskaini dabe emakumezko jantzariek, emakumeek gipuzkoar historian izandako garrantzia azpimarratuz. Amaitzeko, Et Incarnatus orkestrea eta abesbatzako kideen eskutik, Benito Lertxundiren Oi Lur eta Xabier Leteren Izarren hautsa interpretau ditue. Ekitaldia Agur jaunak abestuz zarratu dabe.

Atzo bezela gaur, jantzak gogorarazoten digu alkarri lotuta gagozela; alkarregaz osotzen dogula komunidadea; gutako baten arazoak eta desafioak, guztionak dirala; alkarregaz lan eta bizi nahi dogula. Eta alkarregaz ospatu nahi dogula gure izena eta izana, adierazo dau Eider Mendoza diputadu nagusiak. 

Batzar Nagusietako presidenteak, Xabier Ezeizabarrenak, bardinzaletasunak sortzen dauen alkartasuna azpimarratu dau: beharrak estutzen gaituanean indartsu agertzen dana, erakundeak eta herria alkarregaz lanean eta bultzatzen.

Tolosako alkateak, Andu Martinez de Rituertok, txikitasunetik be eragin leitekeela azpimarratu dau: Gipuzkoak haren txikitasunean nazinoartean be eregiten dau; Tolosaldeak, populazinoari begiratuta gure lurraldeko eskualderik txikienak, Gipuzkoan be badau eragina, Tolosak be inguruko herri txikietatik edaten dauen moduan.

Era berean, gogora ekarri dau Tolosa Gipuzkoako uriburu izan zala, 1844-1854 urteen artean: tolosar askoren sentimenduetan errotua dago eta hori bada komunidade sen hori biziduteko modua. Etorkizuneko erronkei begira, lau oinarri proposnidu ditu: alkarlana, aniztasuna, alkarbizitzea eta euskerea.

Ipuscoa. Izanetik izena 1025-2025

Milurtekoaren oinarrian dagoan Erdi Aroko esku izkribuak jasotzen dauenez, 1025. Ipuscuako jaun Gartzia Azenarizek eta haren emazte Gayla de Iputzak, Olazabaleko Salbatore monasterioa (egungo Altzon) emon eutson dohaintzan San Juan de la Peñako zenobinoari, haren babespean egoazen beste hainbat lurrekaz batera. Halan da ze, orain dala 1000 urteko Ipuscua eta gaur egungo Gipuzkoa berbak buztartuz, Ipuscoa. Izanetik izenera 1025-2025 leloa goiburu hartuta, hainbat ekintza atontzen dabiz Gipuzkoa erakundeak, alkarren osogarritasuna eta koordinazinoa bultzatuz.

Sokajantzan parte-hartzera konbidadu dira alkate guztiak, diputadu nagusiak eta Batzar Nagusiekaz batera, gipuzkoarron ordezkari diran neurrian. Antza danez, lehen aldiz egin da holako ekitaldi bat.

Besteak beste, Aldundiko Kultura departamenduak sustatuta, urtarrilean inaugurau zan Donostiako San Telmo Museoan Ipuscua, 1000 urte erakusketea, azken mila urteetan Gipuzkoak izan dauen bilakaerea ezagutzera emoteko. Altzoko Olazabalgo Salbatore eleizan, barriz, 15 artista gipuzkoarrek milurtekoa dala-ta sortutako lanak dagoz erakusgai, lurraldearen nortasun kulturalak mendeetan zehar izan dauen bilakaerea aztertuz.

Garagarrilaren 20an, barriz, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan kokatzen dan Ulizar mendia, Urmuga jaialdiaren egitarauagaz bat egingo dau milurtekoak. Han, Urmugagaz bat egiten daben mendizaleak hiru bideetan barruan helduko dira Ulizarrera-Berastegitik, Orexatik eta Arribetik eta arratsaldean, barriz, Ypuçcoa 1.000 urte ikuskaria eskainiko dabe Leitza eta Amasako koruek, Euskal Herriko eta Aragoiko jantza taldeekaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu