Mario Benso Getxo Jazzeko arduradun artistiko izentau dabe
2025-07-07 08:32 KultureaEstaduko jazz dibulgatzaile eta aditu nabarmenetakoa.

Mario Benso (1962, Xixón), estaduko jazz dibulgatzaile eta aditu nabarmenetakoa, Getxoko Nazinoarteko Jazzaldiaren arduradun artistikoa izango da. Ibilbide luzea egin dau jazzaren eta kulturearen arloetan, alderdi askotan, kazetaritzan zein koordinazino artistikoan eta oso hartu-emon estuak ditu jaialdiagaz, izan be, 1994tik aurrera jaialdiko talde lehiaketako epaimahaikide bezela ibili da. Proiektu barri horretan, jaialdiaren atal artistikoaz arduratuko da, 37 edizinotan jaialdiaren arduradun izandako Iñaki Saituaren erretirogaz bat eginez eta azken horren ardurea Luzia Martínek hartuko da, Getxo Kulturako teknikaria, erakundean 17 urte baino gehiagoko esperientziaduna.
1981ean hasi zan Mario Benso jazz-munduan. Urte horretan, Valladolideko Jazz Lagunen Alkarteko kide egin zan. Alkarte horretan, Nazinoarteko Jazzaldia atontzen laguntzen dau, baita jazz musikea sustatzen be, irrati-saioen, berbaldien eta argitalpenen bidez. Hamarkadearen amaieran, musika-espezialista bezela hasi zan idazten El Norte de Castilla egunkarian eta, holan, ezinbesteko erreferentzia daben hedabide espezializatuetatik (esaterako, Cuadernos de Jazz eta Más Jazz) informazino orokorreko goiburuetara (El Mundo) hainbat irratitan egindako kolaborazinoak ahaztu barik edo, eremu digitalean, adibidez, El Callejón del Jazz bloga eta Dial Jazz podcasta.
Programazinoaren arloan be lan handia egin dau Bensok. 90eko hamarkadearen hasieratik 2009ra, Valladolideko Café Españako programatzailea izan zan eta mila kontzertu baino gehiago atontzen parte hartu eban. Valladolideko Nazinoarteko Jazzaldiagaz be kolaborau dau, baita Burgos, Palentzia, Ezcaray, Salamancako FACYL, Palentziako Ahora eta 90eko hamarkadako erdialdetik Getxoko Jazzaldiagaz be.
Valladolideko Zorrilla Antzokiko Kafeagaz be lan egin dau kultura-programazino lanetan, baita Gasteizko Ondas de Jazz kontzertu-zikloaren aurkezpenean be. Gainera, Cifujazz Alkartearen sortzaileetako bat da, Juan Claudio Cifuentes Espainiako jazz-dibulgazinoko oinarrizko personearen ondareari eusten deutso eta 2021etik, SEMINCI Sound musika-atalaren koordinazinoaz arduratzen da, Valladolideko Nazinoarteko Zinema Astearen barruan. Aitatutako guztiaz gain, estadu mailako agentzia garrantzitsuenetako batentzat road manager lanak egin ditu eta nazinoarteko biretan Johnny Griffin, Kenny Barron, Abbey Lincoln, Phil Woods, Diane Reeves edo Jesse Davis artistei lagundu deutse, besteak beste.
Lan horretarako Benso aukeratzerakoan, Getxo Kulturak jazz-munduan egindako ibilbide luze eta arrakastatsua balorau dau, baita hainbat kultura-proiektutan izandako inplikazinoa be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!