Maletak ondo jagon eta zuhur ibili
2025-07-04 07:50 Pil-pileanOhiko 10 galdera ekipajearen inguruko erreklamazinoei buruz.

Uda entzun eta oporrak, atsedena eta bidaiak etortzen zaizkigu burura, baina jendez jositako aireportuak, hegaldi beteak eta egunero fakturatzen diren milaka maleta ere hor daude. Garai honetan, ekipajearekin gertatutako edozein gorabeherak erabat hondatu ditzake irrikatzen genituen atseden egunak: destinora iritsi ez diren maletak, ekipaje kaltetua, lurreratu bezain laster premiazkoena erostera behartzen daben atzerapenak...
Erreklamatun ekipajeagaz izandako arazoen inguruko konsultak nabarmen handitzen dira udan. Honako honeek dira udan jasoten ditugun 10 galdera ohikoenak eta aireko zuzenbidean aditua dan gure abokatu Jon Ortiz Larruzeak emondako erantzunak.
1. Zer egin nire maleta agertzen ez bada oporretako destinora heltzean?
Udan oso ohikoa da egoera hori. Berehala jo beharko dozu aire konpainiak aireportuan dauen erakusmahaira edo handlingera eta han ekipajearen irregulartasunen agiria (PIR) bete, aireportutik urten baino lehen. Agiri hori ezinbestekoa da erreklamau ahal izateko. Ekipajearen txartela eta hegazkinean sartzeko txartela be gorde eizuz. Eta kontuan izan maletarik euki ez arren zure oporrak hasiko dirala eta, askotan, dendetan oinarrizkoena erosi beharko dozula.
2. Zenbat denpora dauka aire konpainiak atzeratutako maleta bat entregetako?
Legez, 21 egun ditue, gehienez, maletea bueltetako. Epe hori pasau ostean, behin betiko galdutzat hartzen da. Edozelan be, udan ekipajeak entregetako atzerapenak sarritan izaten dira eta egun batzuetakoak izan daitekez, arabere gehiago eskalak dituen bidaietan edo hegazkin trafiko handiko destino turistikoetara doazenetan.
3. Gastuak erreklamau neikez jantziak edo higienerako gauzak erosi behar baditut maletearen zain nagoala?
Bai. Ekipajea ez bada zeugaz heltzen eta oporretan bazagoz, egin behar izan dituzun zentzunezko gastuak bueltetea erreklamau zeinke. Gorde faktura guztiak. Gogoratu airelineak beharrezkoak diran justifikautak gastuak besterik ez dituala pagetan, beraz, ondo pentsau zer erosi.
4. Zer jazoten da nire maletea apurtuta edo kaltetuta heltzen bada destinora?
Udako ohiko beste kasu bat da. Kaltetutako maletea jasoten dozunean, garrantzitsuena da berehala aire konpainiak aireportuan dauen erakusmahaira edo handlingera joatea eta han ekipajearen irregulartasunen agiria (PIR) betetea, aireportutik alde egin baino lehen. Ezinbestekoa da hori egitea: PIR hori ez badozu, airelineak uko egin ahal deutso kaltea onartzeari. Gero, 7 egun dituzu idatzizko erreklamazino bat aurkezteko. Maletearen egoerea argi erakusten daben argazki batzuk egin eta, barria edo markakoa bazan, erosketako fakturea erantsi. Konpainiek konponketak edo kalte-ordainak eskaintzen ditue, baina benetako balioa baino askoz txikiagoak izaten dira, eta, beraz, kalteak ondo justifiketea oinarrizkoa da.
5. Zenbat diru erreklamau neike galdu edo kaltetutako maleta batengaitik?
Montrealgo Konbenioaren arabera, gehienez be 1.288 igorpen-eskubide berezi (DEG) erreklamau zeinke fakturautako ekipajea galdu, kaltetu edo atzeratzeagaitik. Kopuru hori 1.500 euro dira gitxi gorabehera, baina aldatu egin daiteke erreklamazinoaren unean DEGak dauen truke-balioaren arabera. Maletea galdu ezero, maletan egoana zehaztu beharko dozu eta, ahal bada, haren balioa justifiketan daben agiriak erantsi.
6. Zer egin neike opor egunak galtzen baditut ekipajea ez izateagaitik?
Ekipajea agertu arte egun batzuk pasetan badira (edo ez bada agertzen), erropak eta galtzen zabiz eta zure oporretako egunak be bai. Gastueak buelteteaz gan, eragindako kalteengaitiko konpensazinoa be eskatu zeinke, baldin eta frogatu ahal badozu ekipajea atzeratu edo galdu izanak arazo handiak ekarri zituala zure oporretan. Montrealgo Konbenioak aukerea emoten dau kalte horreek erreklametako baina eragindako kaltea justifikau eta dokumentau behar da nahitaez.
7. Zelan babestu neikez objektu hauskorrak edo bolumen handikoak udako bidaietan?
Udan bidaia gehiago egiten dira umeetzako jarleku, bizikleta, urpean ibilteko materialagaz edo musika tresnakaz. Montrealgo Konbenioak ez dau ezartzen babes berezirik objektu horreetarako, baina erreklamazinoa egin zeinke kaltetuta agertzen badira edo galtzen badira. Kasu horreetan, komenidu da ekipajea fakturaukeran eta balioari buruzko deklarazino berezi bat egitea da onena horri esker konpensazino mugak handitu egiten diralako. Horregaz batera, objektua ondo batu behar da eta haren balioaren egiaztagiria ondo gorde, ezinbestekoa baita ondoren erreklamau ahal izateko.
8. Eta esaten badeustie aire konpainia ez dala kaltearen edo galerearen erantzule?
Sarritan erabilten da atxaki hori. Ekipajearen zerbitzua azpikontratau arren, aire konpainiak beti izango dau erantzukizuna bidaiariaren kaltearen aurrean. Udan, hainbeste hegaldi dagozanez, askok handlingaren akatsak edo aireportuko saturazinoa jarten dabe atxakitzat. Baina dokumentazinoa badozu (PIR agiria, bidaia-txartelak, argazkiak, fakturak) bildur barik erreklamau zeinke.
9. Zer agiri behar ditut erreklamazinoa egiten hasteko?
Ekipajearen inguruko erreklamazino bat egiten hasteko, ondokoak aurkeztu behar dituzu: ekipajearen irregulartasunen agiria (PIR), aireportuan bertan beteten dana, ekipajearen etiketea, hegazkinean sartzeko txartela edo bidaia-txartela, kaltearen edo edukiaren argazkiak, behar diranean, fakturak edo erosketa-agiriak eta airelineagaz izan dituzun komunikazino guztiak; zenbat eta informazino gehiago izan, orduan eta sendoagoa izango da zure erreklamazinoa. Erreklamatu zebitzuak lagunduko deutsu dana batu eta behar bezela aurkeztu daizun.
10. Noiz arte erreklamau neike galdu edo kaltetutako ekipajeagaitik?
Galdu edo kaltetutako ekipajeagaitik erreklametako epeak laburrak diranez, komenidu da ahalik eta arinen egitea: kaltetutako ekipajearen kasuan, 7 egun dituzu ha hartzen dozunetik; atzeratutako ekipajeagaitik, barriz, epea 21 egunekoa da, entregetan danetik hasita; ekipajea galdutzat emoten bada, lehenbailehen erreklamau behar da eta gehienez 2 urteko epea dago legearen arabera, baina zuhur ibili, oporretan erraza da ahaztutea, joan-etorriak eta deskonexinoa dirala eta; beraz, erreklamazinoa ahalik eta azkarren egitea da onena.
Erreklamatu
Espezialistak gara airelineen kontrako erreklamazinoetan eta hamar urte baino gehiago daroaguz bidaiariei laguntzen, jagoken konpensazinoak bideratzen. Zure maletea atzeratu bada, kaltetuta agertu bada edo zure oporren destinora heldu ez bada, gu arduratuko gara: zure kasua aztertu eta frogak batu eta erreklamazinoa egingo dogu konpainiaren aurrean eta, beharrezkoa bada, auzitara joko dogu. Dana konplikazinorik barik, aurretik ezer pagau barik eta konsultarako dobako zerbitzuagaz, erreklametako eskubidea daukazulako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!