Martxan da VI. JAI Jardun Artistikoen Institutua
2025-07-03 10:16 KultureaTabakalerak eta Artium Museoak Oteiza Museoagaz lankidetzan atondutakoa da.

Ikasketa-programea laster hasiko da Vitoria-Gasteizko museoko lantegi eta espazioetan. Datozen hilebete bietan, eskolearen seigarren deialdian hautatutako hamasei lagunek parte hartuko dabe, erakunde bakotxeko programei lotutako nazinoarteko artistak irakasle dituela. Garagarrilaren 21etik aurrera Tabakalerara joango dira eta Oteiza Museoan be egonaldia egingo dabe. JAI udako eskolaren muina praktika artistikoa da, eta ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea helburu.
JAI Jardun Artistikoen Institutua Artium Museoaren eta Tabakaleraren ekimena da. 2022tik Oteiza Museoaren Fundazinoaren lankidetzeari esker, arteen arloko profesionalak trebatzen laguntzea dau helburu, truke eta gurutzaketa artistikoetarako gune bat sortuz. JAIk ezagutzearen transmisinoan sakontzen dau, prestakuntza-prozesuan dagozan artisten eta nazinoarteko profesionalen arteko trukerako espazioak sortuz.
Produkzinoagaz lotutako jakintzearen transmisino hori indartzeko, JAIko irakasleak seigarren edizino honetako deialdia sustatzen daben erakundeen erakusketa-programen eta programa publikoen parte dira eta, holan, indartu egiten da ezagutzearen transmisinoa. 2025ean, honako honeek izango dira irakasleak: Claire Atherton (San Francisco, 1963), Marwa Arsanios (Washington, 1978), Josu Bilbao (Bermeo, 1978), Fermín Jiménez Landa (Iruñea, 1979), Maider López (Donostia, 1975) eta Eric La Casa. Tutoretzak, barriz, Olatz Otalora (Algorta, 1990), Alejandro Cesarco (Montevideo, Uruguai, 1975), Itziar Okariz (Donostia, 1965) eta Ibon Aranberri (Itziar-Deba, 1969) artista ibiliko dira.
Prestakuntza-saioak garagarrilaren 2tik abuztuaren 29ra egingo dira. Ikastaroa Artium Museoan hasiko da eta ikasleak hilaren 18ra arte egongo dira bertan. Garagarrilaren 21etik aurrera, astelehenetik aurrera, Tabakalerara joango dira, eta bertan ikasketa-programeagaz jarraituko dabe abuztuaren amaierara arte. Hilebete horretan, egonaldi bat egingo dabe Altzuzan, Oteiza Museoa Fundazinoa dagoan herrian.
JAI ikasketa-programea baliabide bat da, arte-jarduerearen inguruko alkarrizketak zabaltzeko aukerea emoten dauena, bai eta arte-jarduerak sortzen dituan hizkuntzetarako eta subjektibazino-moduetarako beste sarbide batzuk emoteko dauen kapazidadeei buruzkoak be. Planteautako mekanikea artista-irakasle bakotxak prozesu horren ikuspegi berezia eskaintzea eragiteko diseinauta dago. Ezaugarri horrek programearen metodologia gehiago kokatzen dau tailerraren espazioan ehuntzen diran hartu-monetan eta praktika zehatzetan teorian baino. Artium Museoan (Vitoria-Gasteiz) egingo diran saioak Chantal Akermanen eta Josu Bilbaoren erakusketakaz lotuta egongo dira eta Tabakaleran, barriz, programearen ardatza lantegiko praktika eta parte-hartzaile bakotxaren prozesu espezifikoen garapena izango dira.
JAIren seigarren deialdiak 140 hautagaitza baino gehiago izan zituan, igazko eskaerak hirukoiztuz. Horreen guztien artean 16 parte-hartzaile aukeratu ziran, txostenean aurkeztutako obrearen interesaren eta kalidadearen arabera eta hautagaiek ikasketa-programearen arloetara aurkeztean adierazotako helburuen egokitasunaren arabera. Hautaketeak, gainera, parekotasun-erispideei erantzun eutsen eta, azkenean, talde anitza eta askotarikoa osotu da parte-hartzaileen jatorri geografikoari, belaunaldien arteko bat-egiteari eta arte garaikidearen praktiketan dagozan lengoaia eta diziplinen aniztasunari jagokenez. Batzordeak, era berean, parte-hartzaileetako lauri matrikula eta mantenu-bekak emotea erabagi eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!