Pello Zabarte Narbaiza zaldibartarrak eskuratuko ditu sariketako 1500 euroak
2025-07-03 07:46 KultureaBitor Garitaonandia. Euskal Pizkundean dagokion lekuaren bila izenburukoa da lan saitua.

Aurtengo edizioak kopuruan eta kalidadean emoitza onak izan ditu. Danetara, eskualdeko 35 urtez azpiko zortzi ikertzailek aurkeztu dabe euren lana IV. Durangaldeko Gazte Ikerlarien Sariketan eta ikerketa gai ugari izan dira. Eta saririk jaso ez daben egileei baimena eskatuko jake hurrengo urteko Astola aldizkarian euren lanak argitaratu ahal izateko.
Ikerketa irabazlea
Bitor Garitaonandia Ariño XX. mendearen lehenengo herenean jardun eban idazle, dramaturgo, musikari, kazetari eta eleizgizona izan zan. Askotariko diziplinak jorratu zituan, guztietan euskerearen eta euskal kulturaren sustapena helburu. Euskerearen estandarizazinoaren eztabaidan be ekarpen esanguratsua egin eban. Euskal Pizkundea mobimentu sozial eta kulturalaren kide zan zaldibartarra. Ikerketa honek Garitaonandiaren bizitea eta obrak argitara ekarri nahi ditu, egin eban ekarpenak orain arte izan dauen autortzea baino handiagoa merezidu dauelakoan. Durangaldean bertan ezezaguna dan horrek, Euskal Herri osoan ezaguna izateko balioa dauen lana egin ebala gogoan hartuta, epaimahaiko Irune Ruiz Taglek, Iruri Altzerreka Martinezek eta Libe Solagaistua Zabalaren eretxiz, lan sakona eta irakurteko erraza da, metodo biografikoa darabil bestelako ikuspuntu gaurkotua aintzat hartuta. Euskerearen bultzatzaile izan zan Durangaldeko figura historiko ezezagun bat azaleratzen dau, oso modu dibulgatzaile eta hezitzailean.
Sari banaketea eta bisita gidatua
Pello Zabarte Narbaizak bere jaioterrian jasoko dau saria, garagarrilaren 12an, hain zuzen be, Durangaldeko ondarea eta historia ezagutzera emoteko bisiten programan, Zaldibarko herria izango baita protagonista egun horretan. Bitorren antzera, askorentzat Zaldibar udalerri ezezaguna da baina ondare aldetik eta maila historikoan aberatsa.
Bisitea goizeko 11:00etan hasiko da eta aukerea egongo da gainera, orain arte zarrartuta egon dan ospitale psikiatrikoko kapilan sartu eta hor dagozan margoen kalidadeaz gozetea; Durangaldeko kapila sistinoa modura definidu izan da leku hori. Bisitearen azken zatian, Bitor Garitaonandia gogoratzeko eleizako plazan dagoan bustora gerturatuko gara eta sari irabazlearen eskutik lan irabazlearen zertzelada nagusiak entzungo ditugu. Ondoren, 1500 euroko saria jasoko dau.
Datorren urtean, gainera, Astola aldizkarian argitaratuko dogu haren lana.
Sariketa Gerediaga alkarteak atondu arren, Durangaldeko Amankomunazgoak diruz laguntzen dau. Mankomunidadeko ordezkariak be bertan izango dira garagarrilaren 12an. Bisitearen amaieran izango da sari-banaketea.
Bisita gidatuan izena emotea doban da baina Gerediaga Alkartean aurretik izena emotea derrigorrezkoa da: gerediaga@gerediaga.eus / 946818066
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!