Gotzone Butron idazleak eta Aitziber Raya ilustratzaileak irabazi dabe Etxepare Saria
2025-07-02 08:54 KultureaEuskerazko literatur lanen sorkuntzea sustatzeko.

Gotzone Butron idazleari eta Aitziber Raya ilustratzaileari emon deutse 2025eko Etxepare Saria. Iruñeko Udalak eta tokiko beste hamabost entidadek alkarlanean atontzen dabe sariketea, euskerazko literatur lanen sorkuntzea sustatzeko. Aurton, Orkestra zooragarria lana subertau da irabazle: 5.000 euroko sari bakarra emon deutse sortzaile biei. Pamiela argitaletxeak argitaratuko dau lana, datorren udagoienean.
Kondestablearen Jauregian izan da ekitaldia. 2004an atondu eben lehen aldiz Etxepare sariketea. Ume, gazte eta helduendako literaturea saritu eben lehen urte bietan, baina 2006tik, umeendako albumak sortzeko beka bihurtu eta 2009tik, barriz, beka izateari itxi eta sariketea etorri. Sortu ebenetik erreferentziako tresna izan da euskerazko literatur lanen produkzinoa sustatzeko. Guztira 16 album saritu eta argitaratu dira.
Aurton 29 lan aurkeztu dira. Patxi Zubizarreta idazleak, Aitziber Akerreta irudigileak eta Idoia Sobrino liburuzainak osotu dabe epaimahaia.
Idazle eta irudigileentzako lantegia
Orkestra zooragarria lana Galtzagorri Alkarteak eta Iruñeko Udalak eskuz esku atontzen daben Biko-Teka Lantegian jarri zan martxan, azken urteetan Etxepare Saria irabazi daben beste hainbat proiektu lez. Lantegi horren helburua da idazle eta ilustratzaile hasibarriak bikoteka lanean jartea, eta alkarlan horretatik album ilustrau baten proiektua sortzea. Azken urteetan Biko-Teka Lantegian egindako zazpi proiektuk eskuratu dabe Etxepare Saria.
Ondoko honeek atontzen dabe sariketea: Nafarroa Iparraldeko Euskera Mankomunidadea, Sakanako Mankomunidadea, Zaraitzu eta Erronkariko Batzar Nagusiak eta hamahiru udalek (Iruñea, Agoitz, Antsoain, Atarrabia, Barañain, Baztan, Burlata, Esteribar, Galar Zendea, Gares, Lizarra, Noain eta Zizur Nagusia. Horreezaz gan, ondoko honeek babesten dabe: Nafarroako Gobernua (Euskerabidea), Galtzagorri Alkartea eta Pamiela Argitaletxea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!