Eibarko gerra-frontearen bisita gidatuak, martxan
2025-07-02 08:00 KultureaHurrengoa, domekan, hilaren 6an, izango da 11:00etan.

Arrateko Gerra Zibileko Interpretazino Zentroa urtebetez zarratuta egon ondoren, apirilean edegi zituan ateak barriro be. Jesus Gutierrez historialariaren eta Jose Luis Valenciaga eibartarraren laguntzeari eta aholkularitzeari esker jarri zan martxan proiektua. Trintxera baten itxurea dauen gela batean, Arrateko zelaiak eta Eibarko herriak ezagutu eben bildur-ikarea erakusten da. Berton Badihardugu Alkarteak egindako ikus-entzunezkoa, Eibarren izandako gerratearen maketea, bost panel eta erakusleihoetan hainbat material dagoz (uniformeak, karnetak, gerratean erabilitako material simulatuak...), baita kartelak, banderak eta lau erreprodukzino be. Zentroa domekero egongo da edegita, 11:30etik 13:30era.
Gela txiki horren helburua gerra-frontean pasautakoa erakustea da, hau da, gure memoria historikoa zabaltzea, nabarmentzea eta babestea. Nahiz eta Interpretazino Zentroa edegiteaz batera inguruan hainbat panel jarri ziran, gaur egun, horreetako batzuk hondatu egin dira. Holan, panel horreen QR kodeen bitartez jasoten zan informazio guztia, webgunean dago ikusgai. Guztira, hiru ibilbide dagoz eta horreetako bakotxean Eibarko jazoera garrantzitsuenak ezagutuko doguz, beti be, Gerra Zibilearen aurrekari, jazoera eta ondorioak nabarmenduz.
Kontuak kontu, apiriletik gerra-fronteko bisita gidatuak egiten dabiz. Mendi-ibilbidea da eta bisitariak aukerea izango dau gerratearen momentu garrantzitsuenak pasau ziran toki horreetan egoteko. Domekan, hilak 6, hirugarren bisita gidatua izango da: goizeko 11:00etan hasiko da Interpretazino Zentroan eta 14:00ak arte iraungo dau. Informazio guztia eta izen-emoteak hemen.
Ondoko honeek dira hurrengo bisita gidatuak:
- Garagarrilak 6: euskeraz.
- Irailak 14: gazteleraz.
- Urriak 5: euskeraz.
- Zemendiak 2: gaztelera.
- Abenduak 14: euskeraz.
Horreezaz gan, hemen, Interpretazino Zentroaren argazkiak ikusi leitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!