Seaskak bigarren lizeoa edegiko dau Donapaleun 2027ko irailean

Bizkaie! 2025-06-30 09:43   Kulturea

Seaskaren urteko biltzar nagusia egunotan izan da Kanbon.

Ikastolen Kontseiluak Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoko 39 ikastolen 140 ordezkari batu ditu, 2025/2026 ikasturteko norabide eta jarraibidei botoa emoteaz gan, Lizeoaren garapenari buruzko txostenari be botoa emon behar izan deutse.

Egun Baionako Etxepare lizeoa da euskerazko lizeo bakarra. Sail orokorra, lanbide heziketako animazino eta salmenta saila eta baxo teknologikoa eskaintzen dira bertan. 536 ikaslegaz, Baionako egoitzeak gainezka egin dauenez, prefabrikautakoak gehitu ditue azken urteotan. Baina Seaskako bost kolegioetatik heldutako ikasle kopuruak kontuan hartuta eta sail gehiago edegiteko asmoa badanez, bigarren lizeo baten beharra argi egoan. Lehen hezkuntzan ikasleen % 13 eskolatzen dabe ikastolek, lizeoan % 6. Ikasketa eskaintzea zabalduz eta bigarren lizeo baten aukereagaz, kopuruak handitzea dogu helburu. Ikastetxe barria be, Etxepare orain dan bezela, euskerea eta euskal kulturea jorratzeko tresna izango da, bai ikastetxe proiektuari jagokonez baita proponiduko diran opzinoen ezaugarriei jagokenez be.

Kokapenari jagokonez, hainbat herriko etxeren eskaintzea izan dau Seaskak. Azkenean, Donapaleun, ikastolearen ondoan, oinez errugbi eta futbol zelaien ondoan, polikiroldegi biren ondoan, ugerlekuaren ondoan eta herrigunetik oinez hurbil dan gunean kokatutako lur sailean eregitea erabagi dau Seaskak, Donapaleuko herriko etxearen eskaintzea onartuz. Lizeo bat Baionan Ipar Euskal Herriko mendebaldean kokatua izanik, bestea ekialdean izatea nahi izan dau Seaskak, lurralde estaldurea lehentasuna baita Seaskarentzat.

Bigarren lizeoa 2027 urtean edegiko da eta 180 ikasle hartu ahal izango hasieran. Ikastetxeak sail orokorra eskainiko dau, etorkizunean sail teknologiko batzuk edegitea baztertzen ez dan arren. Barnetegi bat be izateko proiektua dabe. Baionan, ostera, lanbide heziketea garatzeko asmoa dago, Euskal Hirigune Elkargoak Etxepare lizeoaren parean dagoan lursaila bere esku ixtea erabagi baitau. Horretarako oraingo eraikina moldatu beharko dogu eta beste barri bat eregi.

Ondoko hilebeteetan, lizeo barrirako finantziazinoa lortzea izango da zeregina. Zenbakirik zabaldu ez daben arren, zenbait miloe euroko kostua izango dau.

Azterketak eta EEP

Maiatzaren 23an Baionan Ikastolek egindako tanborradea nabarmendu dau Erik Etxart lehendakarikideak batzarraren hasieran. Ondoren, maiatzaren 26an Jean-Marc Huart Errektore barriak Angeluko ikastolea bisitau eban eta Seaskako egoitzan batu zan egiturako ordezkariakaz. Azterketen gaian Aurrera pausuak izango dirala berbatu eban jente-aurrean Errektoreak. Eta pribatuan, datorren sartzerako ordu gehigarriak segurtatzeaz gan, ezinbestekoak dituen postu berezituei buruz (aholkulari pedagogiko, irakasle berezitu eta bestelakoak) pausuak emoteko prestutasuna be agertu eban.

Ordutik hainbat batzar egin dira, baina momentuz ez da ezer zehatzik gauzatu. Garagarrilean erantzunik ez bada, sartzerako gaia mahai-gainean izango da.

Aurten hainbat ikastolatan Hezkuntza ministerioaren autoebaluaketak eta ikuskatzeak izan dirala jakinarazo dogu. Alde batetik bigarren mailako ikastetxeen autoebaluaketa prozedurak bideratu ditue eta bestetik lau ikastolen ikuskatzea izan da. Momentuz ikuskatzeen emoitza guziak ez baditugu be, ondo pasau dirala eta Hezkunde Ministerioko ordezkariek ikusi ahal izan dabe ikastoletan hezkuntza arloan egiten dan lan bikaina. Bestalde, hizkuntza politika publikoa kudeatzen dauen Euskerearen Erakunde Publikoaren finantziamendua handitzea ez dala espero zan neurrikoa izango salatu da Seaskako biltzar nagusian. Euskerearen Erakunde Publikoak euskaldun hiztun kopurua gaur egun % 20 izatetik, 2050ean % 30 izateko helburua finkatu dau, baina helburu horretara heltzeko beharrezko baliabiderik ez dala izango salatzen dogu. Hor be berba ederrak bai baina eta aurrera pausurikez. Estadua, Pirinio Atlantiko Departamendua eta Akitania Eskualdeari dei berezia egiten deutsagu hareen eskumenekoa dan hizkuntza politika publikoari ezinbesteko baliabideak emoteko.

Azkenik 2025/2026 ikasturterako hezkuntza eta hizkuntza mailako helburuak eta etorkizunerako erabagi inportantak hartu ditugu, besteak beste, Umezain etxeak Aurrera eroateko asmoa eta gorago aitatu lizeoko eskaintzea jorratzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu