'Faxismoaren kontra, amorru disidentea atondu'
2025-06-27 11:11 Pil-pileanEz gagoz prest bildurrez edo atzera begira biziteko.

Aurten be, bagilaren 28aren harian, kalean izango gara, sexu askapena eta harrotasuna aldarrikatzeko. Zoritxarrez, beste urte batez, genozidioa bizi dogu eta giro horretan datoz gure aldarriak. Eta
aurten be ozen erreibindikauko dogu harrotasuna burrukea dala, sexu eta genero-disidente izatea burrukatzeko indar eta palanka bihurtu behar dogula, inoiz baino gehiago. Harrotasuna, izango bada, beste jentarte eta mundu bat eregiteko indarra izango da, zapalkuntza danei aurre egiteko bultzadea.
Palestinar erresistentziagaz gagoz eta hemengo instituzino eta enpresek Israelegazko kolaborazino danak etetea exijiduten dogu. Faxismoa eta idea faxistak zabaltzen ikusten gagoz mundu mailan, baita gure inguruetan be. Bildurtzen gaitu idea erreakzionarioak zabaltzeak eta faxismoaren indarrak, baina aurrean izango gaitue, erresistiduteko prest gagoz. Bildurra baino askoz handiagoa da sentiduten dogun amorrua.
Autodefentsa transmaribibolloa ezinbestekoa da, eta faxismoaren kontrako aliantzak sortzea ere bai.
Ez gagoz prest bildurrez edo atzera begira biziteko, ezta erresistentzia hutsean geratzeko be. Joandako denporetan memoriaren bidez ikasteko begiratzen dogu eta ez ditugu ahaztu hasi ginaneko helburuak eta amorrua. Ez gara daukaguna babesteagaz konformauko.
Erreakzionarismoari eta faxismoari disidentzia gehiagogaz erantzungo deutsegu, jendarte eredua errotik eraldatzea bilatzen dauen burrukeagaz. Genero-binarismoa eta erregimen heterosexuala nahi ditugu irauli. Eta gaur egundik eregiten hasi burrukearen bidez sortu nahi dogun mundu horren kimuak.
Faxismoaren zabalkunde horren aurrean, instituzinoek gure burrukearen merkantilizazinoa eskaintzen deuskue. Gero eta argiago, gero eta modu jasanezinagoan ikusten dogu hori erakundeek bultzatutako Bilbao Bizkaia Harro jaialdian, LGTBI+ turismoa sustatzeko ekimenetan eta antzerakoetan, gitxietsi eta iraindu egiten baita hamarkada honeetako LGTBIQ+ burruka. Urien turistifikazinoa, espekulazinoa, etxebizitzearen garestitzea, lanaren prekarizazinoa eta pobretzea baino ez dakarte gitxi batzuen mesedetan pentsautako ekimen horrek. Transmaribibollo gehienon bizi-baldintzak okertzea, hain zuzen, lelo hutsakaz eta ortzadarraren koloreakaz mozorrotuta.
Aldarrikatzen dogun askapenak zerikusi gitxi dau neoliberalismoak eskaintzen deuskun askatasun indibidualaren ideagaz. Badakigu zer dan kapitalak eskaintzen deuskuna: konsumoan oinarritutako askatasuna, gitxi batzuentzako pribilegioa, gehiengoa kanpoan ixten duena. Askatasunaren idea horrek gehiago babesten baitau dirua mobiduteko askatasuna LGTBIQ+ personon askapena baino. Horren aurrean, ozen nabarmentzen dogu gure askapena ez dala izango askapena, guztiona ez bada. Ez dago askapenik migranteak, arrazializatuak, sexu-langileak, langile pobretuak kanpoa ixten badira. Esplotazinoan, arrazakerian eta desjaubetzean oinarritutako ereduan ez dago ez askapenik, ez egiazko askatasunik.
Sexu askapenaren aldeko burruka da gurea, eta askapen hori nahitaez izan da eta izango da kolektiboa. Aldarrikatzen dugu norberak bere generoa autodeterminetako eskubidea, norberak bere gorputza nahi bezela moldatzeko eskubidea, norberak bere desirak nahi bezela biziteko eskubidea, modu ez-normatibo eta ez-monogamoetan, bikotearen eta familiaren egituratik harago be bai. Gureak dira sare kuirrak, cruisinga, eta bazterretan asmau ditugun beste praktika, harremantzeko modu, familia-mota eta desirak.
Baina badakigu horreek guztiak ez dirala burruka indibidualak eta eraldaketa sozial eta kolektibo baten barruan baino ez dirala egiaz gauzatuko. Nahitaezkoa dogu sistema kapitalista, patriarkal, zisheterosexista eta koloniala iraultzea askapena guztiona izango bada. Eta horrexegaitik uste dogu inoiz baino beharrezkoagoa dogula trans, bollera, marika, bisexual, intersexual, ez-bitar, asexual, sexu-langile eta ganerako gorputzok gure arteko sareak eregitea, alkar hartuta ajrdutea eta ganerako mobimentuakaz, ganerako desjaubetuakaz batera ere erresistentziarako aliantzak jostea.
Palestinaren kontrako genozidioak markautako sasoi honetan, gerra hotsak gero eta ozenago eta faxismoa gero eta agiriago, atondu daigun amorru disidentea!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!