'Bardintasuna eta askatasuna eskubideak dira'
2025-06-27 10:43 Pil-pileanLGTBIQA+ personen eskubideen aldeko burrukea komunidade osoaren lana da.

Zapatuan, bagilak 28, LGTBIQA+ kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Aldeko Nazinoarteko eguna izango dala eta, Getxoko Udaleko Bozeroaileen Batzordeak Adierazpen instituzionala onartu dau, bertaratutakoek aho batez (EH Bildu ezin izan da egon justifikautako ezusteko batengaitik). Jarraian testu osoa:
Adierazpen instituzionala LGTBIQA+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazinoarteko Eguna dala eta bagilak 28, LGTBIQA+ kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da. Egun honetan berrestea jagoku persona guztien alkarbizitzeagaz eta eskubideakaz dogun konpromisoa, sexu-orientazinoa edo genero-identidadea kontuan izan barik.
LGTBIQA+ personek eskubide eta askatasun gehiago izateko egindako bidea eta lortutako aurrerapenak pozik hartu ditugu. Baina gogoan dogu egiteko asko dagoala benetako bardintasuna egon daiten. Oso garrantzitsua da bidebakokeriak sufriduten dituen personak defendidutea eta honen aurka ahotsa goratzea. Pertsona guztiok lagundu geinke gizartea bidezkoagoa, errespetuzkoagoa eta aniztasunagaz edegiagoa izan daiten. Gauzak benetan aldatu geinkez alkarregaz jarduten badogu, bai persona bakotxak egindakoak, bai gobernuen politikak oinarri hartuta. Badakigu azken urteetan gizarteak aurrera egin dauela sexu eta genero-aniztasuna onartzean. Holan izan da, persona, alkarte, talde eta erakunde askok lan egin dabelako kolektibo horreek ikusarazoteko, onartuak izan daitezan eta ideak eta pentsetako moduak aldatzeko. Euskal gizarteak erakutsi dau aurrera egin leikela, oztopoak hausi eta persona guztiak libre biziteko espazioak sortzeko aukerak badagozala egon.
Gaur egun, harrotasunez esan geinke persona bakotxak bildur barik eta bizi daitekeen gizarte bat eregiten gagozala, aurreretxirik barik eta estigmarik bako gizartea. Baina badakigu asko dagoala egiteko oraindino be. LGTBIQA+ eskubideen aldeko babes-keinu bakotxa, berba bakotxa eta ikusgarritasunerako ekitaldi bakoitza, urrats garrantzitsuak dira aurrera egiten jarraitzeko.
Bagilak 28 ez da gogoratzeko eguna izateaz gan, jarduteko eguna be bada. Getxoko Udalak giza eskubideakazko konpromisoa berresten dogu. Gorroto-diskursoen aurrean isili ez geratzek animetan zaituegu. Era berean Sarearen arabera, Euskadin, 2024an, kolektiboko personen kontrako 34 indarkeria-kasu erregistrau dira guztira. Garrantzitsua da LGTBIQA+ personen kontrako edozein indarkeria, diskriminazino edo bidebakokeria salatzea. Bardintasuna eta askatasuna eskubideak dira.
Horregaitik, persona guztiak animetan ditugu sensibilizetako jardueretan parte hartu deien eta LGTBIQA+ personen eskubideak defendiduteko. Sexu eta genero-aniztasunaren burrukea euskal gizartearen nortasun ikurra izan behar da. Era berean, Udalak konpromisoa hartzen dau helburu hori lortzeko ekintzak atontzen jarraitzeko eta gure udalerrian izandako indarkeria-egoera bakotxa salatzeko.
Azken buruan, nabarmendu nahi dogu LGTBIQA+ personen eskubideen aldeko burrukea komunidade osoaren lana dala. Ezin dogu onartu gorrotoak eta intolerantziak irabaztea. Gaur inoiz baino gehiago, aniztasunari eutsi eta alkarregaz lan egin behar dogu etorkizunean persona guztiak duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi daitezan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!