Jon Kortazarrek, 'Esteban Urkiaga, Lauaxeta. Poesia, artea, ideologia' lana aurkeztu dau

Bizkaie! 2025-06-27 07:45   Kulturea

Dana emon biar yako matte dan azkatasunari.

Pamiela argitaletxeak plazaratutako lana da, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker eta bertan Lauaxetaren irudi ezezagunak eta garaiko argazkiak topau daitekez.

Jon Kortazarrek Bilboko Rekalde Aretoan aurkeztu dau liburua 1937ko bagilaren 25ean, 88 urte bete ziralako olerkaria fusilau eben eguna gogoratzeko. Liburura, egileak azken urteotan Lauaxetari buruz idatzitako hainbat artikulu batu ditu, horreetako batzuk dagoeneko argitaratuak izan dira zenbait lekutan eta hizkuntzatan; beste batzuk, barriz, orain arte argitaratubakoak, hain zuzen be.

Urte berezia da 2025, Lauaxetaren jaiotzearen 120. urteurrena eta Bizkaiko Foru Aldundiak egitarau berezia atondu dau hori ospatzeko. Pasa dan hilean omenaldia eta lore-eskaintzea egin zituen Laukizen, haren jaioterrian eta olerkariaren biziteari buruzko erakusketea be aurkeztu eben, Jon Kortazar bera erakusketako komisarioa dala.

Kontuak kontu, Kortazarrek laukiztarraren alde ezezagunena agirian jarri dau liburuan. Liburuak atal nagusi bi ditu. Lehenengoan, hiru kapitulutan, izenburuan iradokitakohiru gai nagusiak jorratzen dira: poesia, artea eta ideologia. Kortazarrek, Lauaxetaren poesía artearekin eta ideologiarekin harremanean aztertzen du, eta haren lanak Jesus Guridiren zarzuelarekin eta Ortega y Gasseten nahiz Miguel de Unamunoren pentsamenduarekin konparatzen ditu.

Bigarren atalean, gizarteak Lauaxetaren bizitzaz eta lanaz egindako harrerea aztertu dau egileak, santu kulturalen teoriaren ikuspegitik. Horretarako, bere bizitearen irudia, Mungiako Udalak 2005ean eginiko omenaldia eta haren liburuek kaleetan daben presentzia izan dira ardatz, poeteak gaur egungo gizartean dauen indarra irudikatzeko helburuagaz. Lan hau Lauaxetaren irudi ezezagunakaz eta garaiko argazki baliotsuakaz elikatuta dago.

Jon Kortazar (Mundaka, 1955)

Euskal Herriko Unibersidadeko Euskal Literaturako katedraduna da 1992tik. Euskal literaturea aztertzen eta zabaltzen egindako lana oinarrizkoa izan da, bai Euskal Herrian, bai nazinoartean be. Ddoktore-tesia Lauaxetari eskaini zion, eta haren emoitzea izan zan Teoría y práctica poética de Esteban Urkiaga, Lauaxeta (1986) liburua. Ordutik poesia garaikidearen eta euskal literaturearen inguruko hainbat lan argitaratu ditu, tartean Luma eta lurra: Euskal poesia 80ko hamarkada (BBK–Labayru, 1997) eta zazpi edizino izan dituan Euskal literatura XX. Mendean liburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu