50 urte geroago, Gabriel Arestiren ondareak bizirik dirau

Bizkaie! 2025-06-26 13:03   Kulturea

Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025 plazan dago.

Patxi Juaristi, Beatriz Zabalondo eta Asier Amézaga 'Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025' liburuaren aurkezpenean. Erretratua: Mitxi (EHU)=. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gabriel Aresti (Bilbo, 1933 – 1975) XX. mendeko euskal literaturako figura esanguratsuenetako bat izan zan, idazlea, poetea eta euskera batuaren aldeko ekintzaile nekatuezina. Haren lanek justizia soziala, hizkuntza-eskubideak eta euskalduntasuna jorratzen zituen. Aurten 50 urte beteko dira Aresti hil zanetik eta urteurrenaren harian, EHUko Gabriel Aresti Katedreak omenaldi berezia dakar Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025 izeneko libururen argitalpena.

Obrearen asmoa idazlearen mezuek gaur egungo gizartean daben balioa eta gaurkotasuna nabarmentzea da. Liburuan euskal komunidadea, euskal kultura sistemea jorratzeaz eta euskal literatura indartu beharraz dabiz egileak: Arestik euskal kulturearen eta literaturearen bide zaharrak hobetu zituan eta bide barriak bilatu. Horregaitik, hain zuzen be, ez dau gaurkotasunik galdu. Gabriel Aresti oso ondo lotzen da gaur egun euskal kulturan ditugun ardurakaz zehaztu dau Patxi Juaristik, Gabriel Aresti Katedrako zuzendariak eta Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025 liburaren koordinatzaileak.

Liburuan EHUko bost ikastegietako ikuspegi, diziplina eta jatorri akademiko ugari dituen 35 irakasle eta ikaslek hartu dabe parte: Bilboko Hezkuntza Fakultadea, Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadea, Letren Fakultadea, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultadea eta Arte Ederren Fakultadea: persona asko batu gara eta genero literario, komuniketako modu, ikertzeko bide eta gogoetak egiteko erak batu nahi izan ditugu liburuan adierao dau Patxi Juaristik.

Horrezaz gan, Irudigintza Saileko artisten marrazkiak, ilustrazinoak, komikiak eta bestelakoak be jasoten ditu argitalpenak, Gabriel Arestik garaiko artistakaz izan zituan hartu-emon estua gogoratuz. Liburuaren irudiak koordinau dituan profesionala Susana Jodra izan da, EHUko Arte Ederren Fakultadeko irakaslea: Irudigintza saileko zenbait lankideei proponidu eutsen eta askatasun osoz irakasle-artista bakotxak bere hizkuntza grafikoa erabiliz ekarpena egin eben. Gabriel Aresti, bai persona bai personaia, edo obra oparoa inspirazino bezela erabili genduan. Zeozelako baldintzea izan zan, Aresti omentzeko irudiak liburutik kanpo erakusketa batean aurkezteko nahia hasieratik plazaratu genduan eta.

Liburuan Arestiren idazmakinea, bere errealismo soziala eta iruditeria poetikoa jorratu dira, besteak beste, harria, mailua, etxea, H letrea edo Bilbo lako sinboloen bidez.

Beatriz Zabalondo eta Elixabete Larrinaga, EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko irakasleak, kapitulu bat idatzi dabe liburuan: Gabrieli, bihotz saminez. Hausnarketan, euskerearen presentziaz eta euskal komuniabieez gogoetea egin dabe: Bai Eli eta bai ni oso konprometiduta egon gara euskal komunikabideetan. Arestiri, modu informalean arlo horretako gure bizipenak kontetea pentsau genduan zehaztu dau Beatriz Zabalondok.

Horrezaz gan, Asier Amezaga eta Eduardo Apodaka irakasleek, Arestiren idazmakinea Adimen Artifizialaren garaian izeneko kapitulua idatzi dabe. Irakasleek euskalgintzea Arestiren idazmakineagaz alderatzen dabe: idazmakinearen irudia egokia iruditu jakun adierazoteko, Arestik euskereari egindako ekarpenak zeozelan hizkuntzan modu automatizatuan txertatuta dagozala adierazo dau Asier Amezagak, Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko irakasleak.

Horrezaz gan Adimen Artifiziala (AA) erabili dabe Arestiren eta Orixeren idazkerea imitetako.

Lan honen beste helburuetako bat da Gabriel Arestiren irudia eta obrak belaunaldi barriei hurreratzea eta, esangura horretan, liburuak EHUren eta Gabriel Aresti Katedrako helburu nagusietakoa be beteten dau: euskal kulturearen, artearen eta euskerearen inguruko ikerketa eta sorkuntza artistikoa sustatzea

Liburua ez da Arestiren heriotzearen 50. urteurrena gogoratzeko egingo dan ekimen bakarra. EHUko Gabriel Aresti Katedreak, Euskaltzaindiak eta beste zenbait erakundek urte osorako egitarau zabala atondu dabe, idazlearen figurea eta ekarpena gizarteagaz konektetako asmoz. Jardunaldi akademikoez gan, musikea, antzerkia eta kaleko kultur adierazpenek be izango dira.

Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025 EHUko Argitalpen Zerbitzuan dago eskuragarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu