Jon Casenavek euskal idazle klasikoak izango ditu gogoan
2025-06-26 10:47 KultureaJaiotzaz lehunztarra dan hizkuntzalariak sarrera-berbaldia irakurriko dau Heletan.

Euskaltzaindiak 2024ko bagilaren 28an izentau eban euskaltzain oso Jon Casenave hizkuntzalaria. Orain, eta Akademiaren barruko arauek agintzen dabenari jarraituz, sarrera-berbaldia egitea jagoko euskaltzainari. Datorren zapatuan, bagilaren 28an izango da ekitaldia, goizeko 10:00etan, Heletako (Nafarroa Beherea) Agerraldi aretoan. Atarikoan, sokajantzan joango dira heletarrak Agerraldi aretora, euskaltzainak eta agintariak atzetik dirala. Behin areto barruan dagozalarik, herriko abesbatzak Telesforo Monzonen Heletarrak abestuko dau eta, ondoren, ekitaldi instituzionala hasiko da. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Phillippe Etchepare Heletako alkateak ondoetorria egingo deutsee bertaratutakoei eta jarraian, Jon Casenavek sarrera- berbaldia irakurriko dau: Euskera eta euskal literatura soka luze bat bezala. Berbaldiaren muina euskerea bera izango da: Casenavek bere ume eta gazte-denporak gogoratuko ditu, herritik eta familiatik jasotako euskera bizia eta batez be euskal idazle klasikoen emari oparoaz gogoeta egingo dau, azken urteotan ondo baino hobeto aztertua dauen gaiaz.
Itxaro Borda euskaltzainburuordeak erantzuna emongo deutso Casenaveri. Lehunztarraren berbei eutsiz, klasikoez jardungo dau emakume idazle lapurtarrak be, euskal literaturako izen handi batzuen balioaz eta gaurkotasunaz; era berean, klasikoen ohiko zerrendatan dagozan (eta ez dagozan) emakumezkoen izana aldarrikatuko dau eta, zelan ez, Casenavek XIX. mende hondarreko eta XX. mendearen hastapeneko autoreak ezagutarazoteko egindako lana nabarmenduko dau.
Azkenik, euskaltzain barriak karguaren zina egingo dau, eta euskaltzain osoaren dominea, diplomea eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik.
Jon Casenave
Lehuntzen (Lapurdi) jaio zan 1957ko garagarrilaren 4an. Euskal Ikasketetan doktorea da (Bordele Montaigne Unibersidadea), Bordele Montaigne Unibersidadeko irakasle emeritua eta Iker zentroko kidea be bada. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 2003ko urtarrilaren 31n. Euskaltzaindiaren Hiztegigintza Batzordeko kide (1987-1989) eta Literatura Ikerketako batzordekide (1993-2017) izana da urte askotan. Dozenaka ikerketa-artikulu idatzi ditu Casenavek eta publikau dituan liburuetatik honako honeek nabarmenduko ditugu: Zutaz amoroski (1978, Ustela saila) poesia-lana, Itsu-mandoka: kontu xume, joko krudel (1981, Hordago) narrazinoa; eta saiakera bi: De l’article de presse à l’essai littéraire: Buruchkak (1910) eta Euskal literaturaren historiaren historia. Gurea nola konda? (2012, Utriusque Vasconiae; 2021, Euskaltzaindia).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!