'Tenemos plan / Badugu plana' kanpainea kulturea herritarrei hurreratzeko
2025-06-25 11:13 KultureaKulturklik: euskal kultureari edegitako leihoa.

Eusko Jaurlaritzeak kulturea zabaltzeko eta sarbidearen aldeko jarrerea indartu dau Kulturklikegaz, Euskadiko kultura giroa ezagutzeko, konpartiduteko eta gozetako erreferentziazko atari interaktiboagaz. Tresna hori herritarrakana gehiago hurbiltzeko, Tenemos plan / Badugu plana kanpainea jarri dabe martxan, gazteei eta seme-alabak dituen familiei zuzendua, plataforma honen bidez euskal kultureak eskaintzen dauen guztia ezagutzera emonez.
Kulturklik Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren atari tematikoa da eta gune digital bakarrean batzen dau Euskadiko eskaintza kultural guztia. 2024an, 945.773 saio erregistrau zituan (aurreko urteagaz alderatuta, % 110 gehiago) eta 571.947 erabiltzaile bakar (% 78 gehiago) eta euskal administrazinoko laugarren webgune instituzional bisitatuena izan zan, Osakidetzaren, Lanbideren edo Euskalmeten atzetik.
Zer topau leike herritarrak Kulturkliken?
- Agenda kulturala: kontzertuak, jaialdiak, jantza eta antzerki ikuskizunak, erakusketak, umeentzako jarduerak eta askoz gehiago, geolokalizatuak eta eguneratuak.
- Euskal sorkuntzak: liburuak, diskoak, filmak eta lurraldeko sortzaileek produzidutako beste eduki batzuk.
- Informazino profesionala: kulturearen eta sormenaren sektoreko eragileentzat baliogarriak diran baliabideak eta zerbitzuak.
- Kulturklik gune edegi eta interaktiboa da, kulturarako sarbidea eta parte-hartze kulturala sustatzen dituana, diseinu intuitiboari eta iragazki personalizatuei esker, persona bakotxak bere gustu, hurbiltasun edo familia-profilaren araberako plan kulturalak topau leikez.
Kontuak kontu, Tenemos plan / Badugu plana kanpainearen asmoa da herritarrak konbidetea plan kulturalak modu erraz eta irisgarrian egiteko, Kulturklik bistaratuta oinarrizko tresna lez. Material grafikoen, sare sozialen eta eragile kulturalakazko lankidetzearen bidez, momentu bakotxerako aukera kultural erakargarria dagoala indartu nahi da.
Baliabide estrategikoa kulturako profesionalentzat
Publiko orokorraz gan, Kulturklik euskal ekosistema kulturalari zerbitzua emoteko azpiegitura digitala da, Kulturklikpro bersinoan. Profesionalentzako eta sortzaileentzako zeregin nabarmenen artean:
- Obra eta ekitaldi kulturalen zabalkundea egitea.
- Laguntza, beka eta deialdiei buruzko informazinoa eskuratzea.
- Eragileen arteko hartu-emon eta lankidetza-sareak sortzea.
- Euskal produkzino kulturalaren tokiko eta nazinoarteko ikusgarritasuna hobetzea.
- Etorkizunari begira: etenbarik mobiduten dan plataformea.
Eusko Jaurlaritzeak Kulturklik zerbitzuagaz jarraitzeko konpromisoari eusten deutso eta helburuak ondokoak dira:
- Atariaren esperientzia eta erabilgarritasuna hobetzea, komunidade erabiltzailearen benetako beharretatik abiatuta.
- Herritarren eta sektoreko profesionalen parte-hartze aktiboa sustatzea.
- Argitaratutako edukietan aniztasuna eta lurralde, hizkuntza eta genero-orekea bermatzea.
- Euskadiko ekosistema kulturalaren oinarruizko erreferentzia lez sendotzea.
- Kulturklikegaz, Eusko Jaurlaritzeak berretsi egin dau hurreko kulturea, bizia, parte-hartzailea eta publiko guztientzako irisgarria izatearen aldeko jarrerea, izan be, Euskadin, Badugu plana.
Informazio gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!