BFAk Ate Morea suspertuko dau
2025-06-25 07:50 Pil-pileanIndarkeria matxistearen biktimei arretea hobetzea da asmoa.

Inklusio Zuzendaritzaren zerbitzu barri horrek zuzeneko arretea eskainiko dau garagarrilaren 15etik, aldez aurretik bideratu beharrik barik, administrazino-prozesua errazagoa izan daiten. Talde profesional bat arduratuko da Bizkaia osoan arretea emoteaz, oinarria Bilbon jarrita eta emakumea ardatz dauen ikuspegiagaz, hainbat ordutegi eta hizkuntzatan. 2024an Bizkaiko foru zerbitzuek indarkeria matxistearen biktima izandako 3.360 emakume artatu zituen eta horrek agirian ixten dau arazoak bere horretan irauten dauela eta detekzinoa eta arreta fase goiztiarretan indartu behar dirala.
Babes-sistema publikorako lehen sarbide lez sortutako zerbitzua da Enplegu, Gizarte Kohesino eta Bardintasun Saileko Gizarteratze Zuzendaritzeak bultzatuta, Ate Moreak arreta espezializatua eskainiko dau prozesuaren hasierako bertako faseetatik, bigarren mailako biktimizazinoa murrizteko eta laguntza segurua, hurbila eta enpatikoa bermatzeko.
Aitatu saileko foru diputadu Teresa Laespadak, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen Batzordearen aurrean zehaztu eban sano garrantzitsua dala holako baliabide bat izatea emakume batek laguntzea eskatzeko lehen pausua emoten dauenetik: -Ate Morea- hasieratik laguntza profesionala emoteko zerbitzua da, lehen momentutik bertatik esku-hartze publikoaren erantzuna integralagoa, koordinatuagoa eta biktimen beharren aurrean sentikorragoa izateko beharrak justifikauta.
Laespadak argi itxi dau zerbitzuak zeregin estrategikoa dauela, askotan gatxa dan sisteman ibilten laguntzeko: -Ate Morea- oinarrizkoa da, baliabideen sisteman ibiltea errazteko kontaktu profesionalaren lehen puntua. Ikuspegi profesionala dauenez, arreta kualifikatua bermatzen dau errekuperazino-prozesuaren etapa kritiko batean.
Eta, amaitzeko, ondokoa nabarmendu dau: -Ate Morea- tresneak aukerea emongo deusku esku-hartzearen lehen pausua indartzeko eta holan ziurtatuko dau emakume bakar bat be ez dala bakarrik sentiduko indarkeria matxistea gainditzeko bide gatx horretan. Horrezaz gan, bermatu egingo dau guztiek eskuratuko dituela beharrezko baliabide eta prestazino espezializatuak ahalik eta baldintza onenetan.
Zerbitzurako sarbidea erabat librea eta zuzena izango da eta ez da erroldau, administrazinoan erregularizau edota aldez aurreko salaketarik egin beharrik egongo. Norberaren ekimenez aktibau ahal izango da, edo honako zerbitzu honeetatik bideratuta: Osakidetza, Ertzaintza, Justizia, Hezkuntza, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak edo beste sistema publiko batzuk.
Ate Morea indarkeria matxistako edozein egoeratan dagozan 14 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago. Indarkeria sufridu dabela oraindino autortu ez dabenek edo prozesu formalik hasi ez dabenek be eskuratu ahal izango dabe zerbitzua; holan, berehala bermatuko da personea ardatz dauen esku-hartzea dala.
Lantaldea esku-hartze psikosozialean eta juridikoan prestakuntzea daben sei profesionalek osotuko dabe, indarkeria matxistan eta krisi-egoeran arretea emoten espezializauta dagozanak. Bilbon izango dabe oinarri operatiboa baina emakume bakotxarentzat egokiena dan lekura hurbilduko dira, arreta personalizatua bermatzeko.
Baliabideak ordutegi jarraituan funtzionauko dau, laguntzea eskatzen daben emakumeen errealidadera egokitzeko diseinauta baitago. Erabiltzaile guztien hizkuntza-sarbidea bermatuko dau eta arretea euskeraz, gaztelaniaz, zein beste hizkuntza batzuetan emoteko egokitutako itzulpen-sistema profesionala egongo da. Holan, emakume migratuei edo hizkuntza-oztopoak dituenei arretea emongo jake hizkuntzea ez baita izango laguntzea eskatzeko traba.
Kontuak kontu, Ate Morean lau fasetan egituratutako ereduak dira nagusi, emakume bakotxaren erritmora eta inguruabarretara egokitzen diranak:
- Hasierako harrera entzute aktiboan oinarritzen da, epairik adierazo edota baldintzarik jarri barik.
- Aurretiazko balorazino bat, premina larriak, balizko arriskuak edo lehentasunezko deribazinoak identifiketako.
- Laguntza emozionala, soziala eta juridikoa, bai krisi-egoeretan, bai izapideen edo prozesuen kudeaketan.
- Jarraipen personalizatua prozesua amaitu arte, emakumea bere kabuz jarraitzeko seguru sentiduten dan arte bideratuta eta lagunduta.
Eredu horren helburua da emakumeak ahalduntzea, euren autoestimua indartzea eta emakumeei laguntzea, erritmorik eta erabagirik ezarri barik, beti be hareen ondoizatea eta hautatzeko gaitasuna lehenetsiz.
Ate Morea
Indarkeria matxistearen biktimei arreta hobea emoteko erakundeen arteko III. akordioaren barruan dago eta honako foru baliabide nagusi honeekaz koordinauta jardungo dau: SATEVI, ESNATU, SFUS, BLZ, gizarte-zerbitzuak eta hirugarren sektoreko erakundeak.
Programa pilotua etenbako ebaluazinoagaz (Hiru hilean behin egingo dira, eragina, irisgarritasuna, efikazia eta ganerako babes-sistemeagazko koordinazinoa neurtzeko) eta foru finantziazino osoagaz, urte eta erdiko iraupena izango dauena, 2026ko abenduaren 31ra arte.
Zerbitzuak 350.000 euroko urteko aurrekontua dau eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzietan dau osorik. Programearen webgune ofiziala egiten dagoz eta datozen asteetan aktibauko dira zuzeneko hartu-emonetarako kanalak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!