Bihar, hilak 25, hasiko da 16. Korterraza Jaialdia

Bizkaie! 2025-06-24 12:20   Kulturea

Bagilaren 28ra arte, musikea eta film laburrak buztartuko ditue.

Korterraza Jaialdia nobedadeez beteta dator 16. edizinoan. Betiko lez, Kultura Kalean! Alkarteak atontzen dau jaialdia eta aurton, egun bat gehiago eta leku barria iragarri dabe, Izaskun Arrue Kulturgunea, hain zuzen be, herritarrei programa erakargarri eta kalidadekoa eskaintzeko. Halanda ze, bagilaren 25etik 28ra egingo da. 

Nobedadeei jagokenez, Izaskun Arrue Kulturgunean euskerazko film laburrei buruzko saioa egingo da bihar, hilak 25. Horrezaz gan, hizkuntzan filmetearen erronken inguruko berbaldia eskainiko dabe. Saioa 20:00etan hasi eta doban izango da. 

Beste nobedadetako bat biharko (hilak 25) lahiaketea da. Publiko profesionalari bideratuta, Korterrazak Zerga-pizgarriak, hasiberrientzat azalduta izenburupean jardunaldia atondu dau. Helburua da Arabako produktoreek, batez be aurrekontu txikienekoek, filmaketak egiteko bizigarriak zelan aprobetxau behar diran argi eta garbi ikustea, saio didaktiko eta oso praktiko baten bidez. Jardunaldia Silvia Ruiz abokatuaren ardurapean eta 10:30ean hasiko da Artium Museoko Auditorioan. Sartzea doban izango da.

Horreezaz gan, Gasteizko Jazzaldiagaz eta Vitoria-Gasteiz. Zinema hiria zikloagaz bat egingo dabe. Garagarrilak 13, domeka, 22:00etan, El Prado parkea Kill Jazz Vol 1. kontzertuaren kokaleku izango da. Urte batzuk daroaguz jarduera batean lan egiteko aukerea aitatzen eta aurton zinemea, zuzeneko musikea eta jazza buztartzeko aukerea etorri jaku. Publikoak zine-saio berezi eta parebako batez disfrutau deian, adierazo dau Xabi Vitoriak, Korterraza enpresako zuzendariak. Horrezaz gan, Adrian Royo artistearen kontzertua eskainiko da.

Film laburrak

Korterrazako programazinoak ekintza klasikoakaz jarraituko dau: film laburren saioak eta aire zabaleko musikea. Film laburren kasuan, publikoak 43 lan nabarmenduez osotutako hautaketa entretenigarri eta interesgarri batez disfrutauko dau, aurton 1.040 lan heldu dira. Aukeratutako film laburren artean, ondoko izenburu honeek dagoz: Insalvable, Javier Marco Goya sariaren irabazlearena; 893 kilómetros, Rubén Guindo Novarena eta Fugaz sarietarako 8 izentapen dituana; Chicken Jazz, Susana Abaitua eta Ramón Barea aktore arabarra barruan; eta Depredador, Javier Fesser zuzendariarena.

Arabakoak, barriz, ondoko 8 film honeek dira: 

  • Lamietxe (Eneko López de Luzuriaga).
  • Hotz (Lander Castro).
  • Judoka (Ander Iriarte).
  • Komando Marmitako (Uxue Botas eta Ane Nafarrate).
  • Plazer Bat (Sonia Estévez).
  • ¿Cómo que abuela? (Xabi Vitoria).
  • Ehiza (Aitzol Saratxaga).
  • Grecorromanos (Mikel Bustamante)

Oso ona da Araban oraintsu egiten dabizen filmaketen kopurua, baina oso garrantzitsua da, era berean, horretan urte batzuk daroezan lurraldeko zinemagileei laguntzen jarraitzea, baita orain hasten dabizenei be, nabarmendu dabe jaialdikoek.

Film laburren saioak, hilaren 25erako atonduta dagoanaz gan, bagilaren 26tik 28ra egingo dira, Artium Museoaren barruko plazan, 22:00etatik aurrera. Eguenean, hilak 26, Lander Otaola aktoreak ondoetorria egingo deutse ikusleei saioaren aurretik. Publikoak Sail Ofiziala, Komedia eta Erakustaldia ikusteko aukerea izango dau.

Umeek eta familiek Korterraza Txikigaz disfrutauko dabe barikuan, hilak 27. Auditoriumean, 18:00etatik aurrera, euskerazko ipuin-kontaketea egongo da Ane Gebara eta Aitor Vinagretegaz. 19:00retatik aurrera, txikiek Europako eskola garrantzitsuenetako animazinoko film laburren saioa izango dabe.

Gasteizko film laburren programazinoa Korterraza Sensibiliza saioak osotuko dau abuztuaren 21ean, eguenean 21:15etik aurrera Artium Museoaren barruko plazan.

Konsultau hemen programazino osoa eta ordutegiak. 

Musika programazinoa 



Kontzertuak be bagilaren 25etik 28ra egingo dira. Hainbat estiloetako eta kalidade handiko 8 kontzertu handi izango dira:

Bagilak 26, Artium Museoaren kanpoaldean:

  • 18:30: Mississippi Queen & The Wet Dogs.
  • 20:00: The Bellrays.

Bagilak 27:

  • 13:30: AC The Band (Virgen Blanca jatetxeko terrazan).
  • 18:30: Still River (Artium Museoaren kanpoaldean).
  • 20:00: Anaut.

Bagilak 28:

  • 13:30: Bravo hirukotea (Falerina Lorategian, Belar Sounds 2025en laguntzeagaz).
  • 18:30: Olharizu (Artium Museoaren kanpoaldean).
  • 20:00: Sex Museum (Artium Museoaren kanpoaldean).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu