Bizkaia, 25 urte kultura-ondarea sustatzen
2025-06-24 08:00 KultureaOndarearen Europako Jardunaldien bitartez.

Bizkaiak Ondarearen Europako Jardunaldien etenbako koordinazinoaren 25. urteurrena ospatzen dau 2025ean. Kultura-programa hori euskal kulturearen arloko ondare-ekitaldi garrantzitsuenetako bat izatea lortu dau. Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe Landajuela izan da jardunaldien buru Bizkaiko Foru Jauregian. Horrezaz gan, hasieratik parte hartu daben alkarte, entidade, udal, kultura-erakundeen ordezkari asko nahiz persona pribatuak izan dira.
Ekitaldian izan dira, era berean, Aintzane Eguilior, Ondareari buruzko Europako Jardunaldien Bizkaiko koordinatzailea eta Daniil Khochabo, Europako Kontseiluko Demokraziarako Kultura eta Ondare Dibisinoko burua (Head of Culture and Heritage for Democracy Division of the Council of Europe).
Ahaldun nagusiak nabarmendu dauenez, jardunaldiek personak erdigunean jarri ditue, demokrazia kulturalaren alde eginez: herritarrak dira protagonista.
Daniil Khochabok azpimarratu dauanez, eskualdeak eta bertoko biztanleek daben konpromisoak eredu bihurtzen dau lurraldea.
Ekitaldian, 25 urte kultura eraikitzen argitalpena aurkeztu da. Argitalpen horrek jardunaldien bilakaerea barrikusten dau, protagonistetako batzuen testigantzen eta esperientzien bidez.
Edizino bakotxa persona askoren ahalegin kolektiboaren emoitza da; gaur egun, 200 eragilek baino gehiagok parte hartzen dabe, eta, holan, kultura-ondarea zabaltzeko, balioesteko eta konserbetako konpromiso kolektibo eta zeharkakoa islatzen da.
Ondarearen Europako Jardunaldiek aukerea emoten dabe Bizkaiko ondarea eta historia sakon ezagutzeko eta biziteko. 25 urte horreetan zehar, ondarea balioesteko eta ikusarazoteko proiektuak sustatu dituan kultura-programa bezela finkau dira, eta ganera, ordura arte ezezagunak ziran ondare-elementuak ezagutarazotera emon ditu. Batez be, laguntzea emon dabe belaunaldi guztiak ondarea haren forma guztietan (materiala eta immateriala) ezagutzearen eta baloratzearen garrantziaz konzientzia daitezan.
Ganera, ondarea babesteko, ikertzeko, zabaltzeko eta konserbetako ekimenak sustatu dabe.
Urtero, programa horrek lurraldeko ondarearen inguruko 200 kultura-jarduera baino gehiago batzen ditu eta publiko guztiei zuzendutako kultura-ekitaldi nagusi bihurtu da. Gure nortasuna ezagutzeko, interpretetako, ulertzeko eta zabaltzeko funtsezko gunetzat harten da eta ondarearen ezagutzan eta konserbazinoan arreta jarten daben zenbait gai nahiz ikuspegi lantzen ditu. Edizino bakotxerako gai bat proponiduten da.
Azken 25 urteotako gaiak
Industria Ondarea (2001); Berreskuratutako ondarea (2002); Bizkaiko abadiak, komentuak eta monasterioak (2003); Etxebizitza burgesak Bizkaian (2004); Ibilaldi bat Bizkaiko hiribilduetan zehar (2005); Burdinaren paisaiak (2006); Jaurerriko jagoleak: harresiak, dorreak eta gotorlekuak (2007); Landa-bizitzaren ondarea eta lanbide tradizionalak (2008); Bizkaiko bideetan zehar (2009); Artea eta pentsamendua (2010); Bizkaia Ilustrazioaren garaian (2011); Baikortasunerako garai bat:1475-1525 (2012); Esku-hartzea izandako ondarea, ondare bizia (2013); Etxez etxe (2014); Burdina (2015); Etxetik kanpo: migrazioak eta kultura-ondarea (2016); Paisaia Bizia. Bizkaiko paisaien eraikuntza (2017); Emakumeen emaria. Ondarea, emakumearen herentzia (2018); Ondarea Plazara: Kultura-ondarea eszenatokian (2019); Ondarea eta Hezkuntza (2020); Guztion Ondarea, Denok Parte! Ondare inklusiboa (2021); Ondarea loratuz! Ondare iraunkorra (2022); Ondarea bizirik: ondare bizia (2023); Bide, sare eta konexioetako ondarea (2024); eta aurtongo gaia, Ondare Arkitektonikoa (2025).
Ondarearen Europako 2025eko Jardunaldietako gaiak
Bizkaiko Foru Aldundia, eragile askoren laguntzaz, 2025eko edizino horren programazinoa zarratzen dabil. Urrian egingo da, arkitektura historikoa ardatz hartuta. Irailean zehar emongo da 2025eko Ondarearen Europako Jardunaldien jarduera guztien barri.
Europako programa eta herritarren parte-hartzea
Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak Europako Kontseiluaren ekimenak dira, Europar Batasunagaz lankidetzan. 1991z geroztik, Kontseiluak kultura-ondareari eta herritarren parte-hartzeari ateak edegiteko konbita egiten deutse herrialde kideei. Esparru komun horretan, Bizkaiak Europako proiektuagaz bat egin eban 2001ean, ondarea kulturen arteko balio partekatu bezela sustatzeko eta ondarea babestearen garrantziaz sentsibilizetako, ikuspegi edegi, inklusibo eta parte-hartzailetik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!