Udako Liburutegiak auzoetan izango dira bagilaren 30etik Aurrera

Bizkaie! 2025-06-23 13:18   Kulturea

Helburua da udan irakurzaletasuna eta liburutegiak erabiltea sustatzea.

Bilboko Udalak uda honetan be (bagilaren 30etik garagarrilaren 18ra arte) hurbilduko ditu liburutegiak auzoetara, Udako Liburutegiak programearen bidez. Programa horrek liburuak, aldizkariak, egunkariak eta irakurzaletasuna sustatzeko jarduerak eskainiko ditu uriko hainbat plazatan: Uribarri (Eskolako Landan), Zorrotza (Azoka Plazan) eta Elorrieta (Elorrieta Parkean), hain zuzen be. Ondoren, udako liburutegiak Santutxu (Karmelo Plazan), Errekalde (Plazan) eta Miribilla (Gernikako Lorategietan) auzoetara lekualdatuko dira garagarrilaren 21etik abuztuaren 8ra.

Zerbitzua astelehenetik barikura eskainiko da (jaiegunetan izan ezik), 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.

Ohiko zerbitzuez gan (konsultea, liburuen mailegua, CDak, DVDak, hemerotekea, Interneteko sarbidea eta bestelakoak), Bilboko Udal Liburutegiek, udan, leku horretara joaten dan publikoari hurbilduko deutsee irakurketa, honako zerbitzu honeek eskainiz:

  • Irakurketa zerbitzua: eleberriak, ume eta gazteentzako literaturea, aisialdiari buruzko liburuak, autolaguntzea eta bestelakoak jarriko dira jentearen eskura, baita aldizkariak eta prentsea be.
  • Liburuak mailegatzeko zerbitzua: publikoak etxera eroan ahal izango ditu interesetan jakozan liburuak, eta bertara eroan ezarritako epearen barruan.


Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko liburutegietako txartelik ez dabenek bertan eskatu ahal izango dabe.

Irakurketea sustatzeko jarduerak: tailerrak, olgetak, ipuin-kontalariak eta ikuskizunak atonduko dira umeentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu