Transizinoan jaiotako euskal emakume idazleen ibilbidea aztergai
2025-06-20 12:41 KultureaAhotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985) liburuan.

Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985) liburuak belaunaldi bereko idazleen lana eta ibilbidea aztertzen dau, emakumeek euskeraz sortutako literaturan izan daben ekarpena lehen planoan jarriz. Jon Kortazar eta Paloma Rodriguez-Miñambres Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) irakasleek editautako liburuak, azken urteetako euskal literaturan emakumeek sortutako lanen balioa nabarmendu nahi dau, euren lanek lortu daben kalidade eta autortza soziala nabarmenduz.
Ikerketea hiru hautaketa-erispidetan oinarritu da: aukeratutako idazleak 1970 eta 1985 artean jaiotakoak dira; euren lanak beste hizkuntzetara itzulita dagoz; eta, 2018 eta 2022 urteen artean Euskadi Literatura Saria eskuratu dabe. Liburuaren protagonistak Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Irati Elorrieta, Karmele Jaio, Maixa Zugasti, Uxue Apaolaza eta Leire Bilbao dira.
Liburuaren helburua azken urteotan euskeraz produzidu eta gaur egun produziduten dabizen literaturan emakumezkoek kalidade handiko lanak idatzi dituela azpimarratzea eta Euskal Herrian zein hemendik kanpo jaso daben autortza horren oihartzuna zabaltzea da. Halaber, idazleen ibilbide literarioari jagokonez, liburu gehiago idazten jarraituko dabe, beraz, horreenganako arretea biztu behar da, dino Paloma Rodriguez-Miñambresek, Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985) liburuaren editoreak.
Idazle horreek lotura argiak ditue euren artean, nahiz eta bakotxak haren estiloa eta ahotsa izan. Euren lanetan emakume izatearen esperientzia hainbat modutan lantzen dabe: amatasuna, familia eta identidadeak, bikote hartu-emonak, genero bardintasuna, intimidadea…
Rodríguez-Miñambres editoreak liburuaren asmoa zehazten dau, euskal literaturearen eta euskal emakume idazleen balioari aitamena eginez: erronken artean, nabarmenduko genduan liburuan aitatzen eta aztertzen diran lanen eta idazleen gainean jakin-mina biztea eta irakurleak konturarazotea, batez be, gurea lako hizkuntza minorizatu batean idazten diran literatur lanetan hiru emakumek (Eider Rodríguez, Irati Elorrieta eta Karmele Jaio) 2018 eta 2020 urteen artean Euskadi Saria irabaztea euskerazko literaturearen indargunetzat hartu daitekealako. Horrezaz gan, 1970 eta 1985 urteen artean jaio diran euskal emakume idazle horreengan jarten da fokua lehenengoz, ez dalako egon hori aztertu dauen lanik, beraz, espero dogu batu ditugun lanek bide barriak edegiko dituela.
Laburbilduz, emakumezko idazleen ahotsek ikusgarritasun handia lortu dabe eta euren lanak izen handiko argitaletxeetan argitaratu dira, kultura-hedabide garrantzitsuetan harrera nabarmenagaz. Hori dala eta, ikerketak azaleratzen dau euskerazko emakumezkoen literatura periferiatik erdigunera pasau dala; prozesua, barriz, motela eta oraindino burutu gabea da.
Belaunaldi bateko idazleen ikuspegi personala
Halaber, liburuak alkarrizketa bana jasoten dau Eider Rodríguez eta Karmele Jaio idazleekaz, sormen prozesuaz eta emakumeen identidadearen eraikuntzaz hausnartzeko aukera eskainiz. Alkarrizketa horreek, testu literarioetatik harago, belaunaldi bateko idazleen ikuspegi personal eta kolektiboak batzen ditue.
Liburua, EHUko Euskal Literatura sailak argitaratu dau, 28. ale modura eta salgai dago unibersidadearen argitalpenen katalogoan, paperean (ISBN: 978-84-1319-465-1) eta baita formatu digitalean be (PDF, ePub eta Kindle).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!