'Erromeria', Bilboko Udal Musika Bandea + Olaeta Balleta bagilaren 23an

Bizkaie! 2025-06-20 10:57   Kulturea

Hitzordua Bilboko Arenaleko Kioskoan izango da 19:00retan.



Urtero lez, udal talde biek bat egingo dabe tradizinoa gaur egungo ikuspegitik bizibarritzeko eta zuzeneko musikea edade eta publiko guztietara hurreratuz. Esangura horretan, Erromeria izeneko kontzertu berezi hau Iñaki Urkizu Kerejeta zuzendariaren gidaritzapean eskainiko da. Eurekaz batera, antza tradizionala berreskuratzeko asmoz eta zabalkundean erreferente dan Ballets Olaeta jantza talde ospetsua izango da ekitaldian, jai giroari kalidade eta sensibilidade artistikoa erantsiz.

Musika-programeak moldaketa herrikoiak eta gure soinu-ondarearen dinamismoa eta aberastasuna islatzen daben egile-piezak buztartuko ditu, besteak beste, entzungo ditugunen artean, San Juan zortzikoa bizi-bizia, Garbiñe izeneko fandango hunkigarria (Domingo de Eguileorrek sortua) eta Gaztelugatxeko martxa, Kepa Junkeraren pieza ezaguna, bandarako egokitutakoa. Horreez gan, jai giroko Arin-arinak edo Lau urtearoak: udaberria bezalako doinu ospetsuak ere ez dira faltako, gure paisaiaga, urtaroakaz eta nortasun kolektiboagaz soinuaren bidez lotzen gaituenak.

Olaeta Balleta

1926an sortu zeban Segundo Olaeta Mugartegik, Gernikan jaiotako musikari eta jantzariak. Segundo Olaeta Jose Antonio Agirreren Eusko Jaurlaritzako Kultura Zuzendaria izan zan eta, beste askok bezela, Gernika jaioterritik urten behar izan eban Gerra Zibilean babes bila. Ipar Euskal Herrira joan zan familiaga eta Elai – Alai izeneko jantza taldeko kide ziran Gernikako edade txikikoakaz. Bertan, gure herriko folklorean aparteko garrantzia izan daben hainbat talde sortu zituan, Biarritzeko Oldarra eta Donibane Lohitzungo Begiraleak, besteak beste. Eresoinkan parte hartu eban, Gerra Zibilean Euskal Herriak munduan izandako egoerearen barri emoteko sortu zan taldean. Gure folklorearen ikertzaile nekaezina, bere lanari esker, Arretxinagako San Migelen Ezpata Dantza edo Eleizateko Aurreskua lako jantza tradizionalak berreskuratu ziran. Parisera joan zan familiaga eta, han, ballet klasikoko prestakuntzea jaso eban. 1950ean, Bilbora bueltau zan, Bittor semeagaz lankidetzan eta Ballet Olaeta akademia sortu eban, ballet klasikoa eta folklorea gure herrialdean buztartu zituan lehen ballet-konpainia. Urte batzuk aurrerago, 1989an, Bittor Olaetak Ballet Olaeta – Olaeta Ballet Elkartea sortu eban bere balleteko jantzariakaz batera. Alkartea bera da gaur egun hil zanetik Olaeta familiaren ondare bikaina kudeatzen eta garatzen jarraitzen dauena. Ballets Olaeta – Olaeta Ballet Elkarteak jantzariak hezten ditu jantza klasikoaren eta folklorikoaren teknikan, eta biek bat egiten dabe beren koreografietan, euskal egile klasiko eta garaikideen musikak erabiliz. Gaur egun, edade guztietako 60 persona baino gehiagok egiten dabe jantzan alkartean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu