'Kontuz! Ez nazazu zapaldu!' proiektuak Ohorezko Aitamena jaso dau

Bizkaie! 2025-06-20 10:01   Kulturea

Herritarren Zientziarako Europako Batasunaren Sarietan.

Euskal Herriko Unibersidadeko Plentziako Itsas Estazinoko (PiE-EHU) ikertzaile talde batek bultzatutako Kontuz! Ez nazazu zapaldu! Kenz ekimenak Ohorezko Aitamena lortu dau 2025eko Herritarren Zientziarako Europako Batasunaren Sarietan. Sari horreek Europan aurrerapen zientifikoa eta gizarte-onura topetan daben, herritarrak aktiboki inpliketan dituen eta, beraz, gizarte zibil edegi eta inklusiboa sustatzen daben ekimenak autortzen ditue. Lehiaketearen helburua da proiektu aitzindariak ezagutarazotea eta laguntzea; halanda ze, zientzia jenteari hurreratzea.

Ars Electronicak atontzen dau sariak emoteko ekitaldia, Europako Batzordearen izenean, Impetus proiektuaren barruan eta gizarte plural, inklusibo eta jasangarri baten aldeko eragin sozial eta politikoa daben proiektu bikainak saritzen eta sustatzen ditu.

Nazinoarteko epaimahai batek hautatu dau Kenz proiektua, herritarren zientziaren arloan egindako ekarpen esanguratsuagaitik. Aitamen horregaz, Kontuz! Ez nazazu zapaldu! ekimena Europako herritarren zientziako praktika onen adibide bezela kokatzen da.

Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazinoagaz lankidetzean, Kenz proiektuak 2022az geroztik 3.000 parte-hartzaile baino gehiago izan ditu, tartean gazteak, edade nagusikoak, emakume migratzaileak, justiziako prozesuetan dagozen gazteak eta desgaitasunak dituen personak. Horreek, zientzia-prozesuaren fase guztietan aktiboki parte-hartzen dabe, euren ingurumenaren konzientziazinoaren eta babes beharraren eragile aktibo bihurtuz.

Kenz proiektuak, Steam metodologia eta itsasoko ikerketarako tresna irisgarriak erabiliz, itsas hondartzetako bizitza mikroskopikoa ikusarazo dau lehenengoz gizarte osoarentzako eskuragarri dan ingurune natural batean. Organismo mikroskopikoen 3D modeloak, piktogramak eta irakurketa errazeko materialak erabiltzen ditu, herritar-zientzialarien lankidetzan benetako inklusinoa bermatzeko. Holan, gizartean ikusiezinak diran personak ingurumen konzientziazinoan parte-hartze aktiboa izateko aukerea izaten dabiz, kalidadeko datuak sortuz eta hizkuntza zientifikoa eta ingurumen konzientzia sustatuz. Ekimen horrek, batez be, Euskal Herriko hondartzetan dagoan mikrobiodibersidadearen eta kutsadurearen ikusgarritasuna handitzen dau.

Proiektua Ars Electronica 2025 jaialdiaren katalogoan sartuko da. Jaialdia irailaren 3tik 7ra bitartean egingo da Linzen (Austria).

Informazio gehiago hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu