San Juan jaiak, Arane auzoan

Bizkaie! 2025-06-20 09:04   Kulturea

Egun osorako egitaraua atondu dau Arane auzoko jai batzordeak.

Herri giroa izango da nagusi San Juan bezperan eta egunean, udalaren eta herritarren alkarlanari esker. udako solstizioaren magiaz lagunduta. Egun berezi honeetan, herritarrak jantzan jarriko dira eta sua biztuko da, ohitura zaharrei eutsiz.

San Juan bezperan, kalejirea eta sua izango dira ardatz eta udaletxeko balkoian ohiko 14 atsoak be agertuko dira eta bagilaren 24an, barriz, Arane auzoko batzordeak bere jai eguna berreskuratu dau, egun osoko ospakizunakaz.

San Juan bezperako ospakizuna Gizarte eta Kultura Etxean hasiko da, 21:00etan. Bertan batuko dira, kalejiran parte hartuko daben herriko taldeetako kideak: Bermeoko Abesbatza, Alkartasuna Dantza Taldea, KIETB Erraldoi Txikien konparsea, Gaztelugatxe Danborrada Taldea, Kankinkabara Txistu Taldea, Irrintzilariak, Ttakuntxo, Kanta kanta lorue eta Arrekatxutxa.

Kalejirearen ibilbidea honako hau izango da: Gizarte eta Kultura Etxea, Talaranzko, Aurrekoetxea, Baztarre, Santa Klara eskailerak, Portuzarra, Lamera, Mokoneko aldatsa, Talaranzko, Gizarte eta Kultura Etxea, Irakaskintza, Sanjuanportale, Doniene eta Goiko Plaza. Tartean, parte-hartzaileek zazpi geldialdi egingo ditue eta bakotxean kantu ederrak abestu eta jantzan egiteko aukerea be izango da.

Kalejirea Goiko Plazara heltzen danean, txalaparta doinuak eta irrintziak entzungo dira, eta jarraian sua piztuko da. Urtero modura, Herri Babeserako boluntarioak eta Bermeoko Gurutze Gorrikoak egongo dira jagoten arazorik ez daiten egon eta neurriak beteten dirala bermatzeko. Bermeoko Udalak Goiko Plazako auzokideen laguntzea eskatzen dau, segurtasun neurriak bete daitezan. Modu horretara, balkoietako leiho eta ate guztiak zarratu eta persianak bajatutea eskatzen da, bai eta kamaretako argizuloak ondo zarratuta dagozala probetea. Horrezaz gan, ezin izango da balkoi eta terrazetara urten, sua amaitu arte.

Bermeoko Udalak zehaztu dau ezin dala sutera sastarrik bota; sutera botatako sastar guztiak kendu egingo dirala. Sutera udal eraikinetan jaso daitekezan papelezko kartazalak baino ezin izango dira bota edota papel txikiak. Kartazalak, Gizarte eta Kultura Etxean, Turismo Bulegoan, Areneko kiroldegian, Berhaz bulegoan eta Sancti Spiritus zaharren egoitzan hartu daitekez, eta egun horretan, Kabidxen be eskuragarri egongo dira.

San Juan Eguna, jai eguna Arane auzoan

Bagilaren 24an, martitzenean, San Juan egunean, urtero modura, mezak izango dira Gaztelugatxeko San Juanen: 06:30, 07:30, 08:30, 10:30 eta 11:30ean.

Aurten, jai eguna berreskuratu dabe Arane auzoan, eta egun osorako egitaraua atondu dau Arane auzoko jai batzordeak; goizeko 11:00etan zabalduko dabe txosnea eta jan-edanak eskainiko ditue bertan. 15:00etan, bazkaltzeko batuko dira bertan eta horretan parte hartu gura dabenek kiroldegiko tabernan, Gizarte eta Kultura Etxean edo Eleizalde Ikastolako idazkaritzan eman beharko dabe izena; bagilaren 20a izango da izena emoteko azken eguna. Nagusientzako menua 16 euroan da eta
umeena, barriz, 5 euroan.

Arratsaldeko 17:00etan, Josepa kale kalekoek hartuko dabe auzoa girotzeko ardurea eta ordu horretatik aurrera umeentzako olgetak eta txokolatea be egongo dira. 19:30ean, barriz, Trikizio taldearen erromeriagaz jantzan egiteko aukerea izango da.

Arane auzora joan-etorriak egiteko autobusak egongo dira arratsaldez: 19:30ean hasita, joan-etorriko hiru buelta egingo dira Bermeoko Institutu aurretik abiatuta, eta 22:00etatik aurrera, barriz, beste hiru egingo dira Aranetik herrigunera.

Bermeoko Udalak eskertu egiten ditu San Juan jaiak atontzen laguntzen daben talde eta boluntario guztiak. Era berean, herritarrei eskatzen deutsee beharrezkoak diran segurtasun neurriak bete deizan, jai bikain eta seguruak izan daitezen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu