Pedro Miguel Etxenike Lombardo Institutuko kide ospetsua izentau dabe

Bizkaie! 2025-06-20 08:45   Pil-pilean

Lombardo Institutua Europako zientzia eta kultura-erakunde zaharrenetakoa eta ospetsuenetakoa da.

Pedro Miguel Etxenike eta Giorgio Benedek (Lombardo Institutuko eskubide osoko kidea). | Ikusi handiago | Argazki originala

Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Centerreko presidente eta Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) katedradun emeritua Lombardo Institutu entzutetsuko, Milango Zientzia eta Letren Akademiako, kide izentau dabe. Ekitaldiaren barruan, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzea Saria jaso dauen fisikari nafar ezagunak Zientzia, etorkizuna eta edertasuna izeneko hitzaldia emon dau.

Lombardo Institutua Europako zientzia eta kultura-erakunde zaharrenetakoa eta ospetsuenetakoa da. Napoleonen dekretuz sortu zan 1797an eta zientzia, teknologia, humanidade eta arteen arloko persona ospetsuak batzen ditu. Historian zehar, nazinoartean ospe handia izan daben personaiak izan ditu kideen artean: Alessandro Volta fisikaria, Vincenzo Monti, Alessandro Manzoni, Carlo Cattaneo, Achille Ratti (Pio XI.a izango zana) edo Luigi Mangiagalli medikua. Era berean, Nobel Saria jaso daben Camillo Golgi, Giosuè Carducci, Giulio Natta eta Eugenio Montale zientzialariak be bertoko kide izan dira, erakundearen maila akademiko eta intelektual handiaren isla. Gaur egun, atzerriko 80 kide baino ez dagoz eta Etxenike da euskal herritar eta ordezkari bakarra estadu mailan.

Etxenikek ondokoa esan dau: ohore handia da niretzat. Alessandro Volta fisikaria edo Giulio Natta Nobel sariduna lako izen handiak egon diran akademia bateko kide izateak txiki sentiarazoten nau. Benetan hunkituta nago autortza horrengaitik.

Izentapena, Izabako zientzialariak haren ibilbidean zehar jaso dituan sari eta goraipamen zerrenda luze bati gehitu behar jako. Nafarroako Unibersidadean Zientzia Fisikoetan lizentziadua, Cambridge (1976) eta Bartzelonako Unibersidade Autonomoetan doktorea da (1977) eta doktoretza ondokoa Oak Ridge National Laboratory, Nordita fellow Lund eta Kopenhagen. Jakiundeko ohorezko presidentea da, BERC Materials Physics Centereko (MPC) presidentea eta CIC nanoGUNEren presidente fundatzailea. Besteak beste, Euskadi Saria, Max Planck Sariak eta Kulturearen Vianako Printzea jaso ditu. Zientzien Errege Akademiako, Milango Zientzia eta Letren Akademiako eta Belgikako Académie Royaleko kide osoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu