Bilboko Euskal Museoak 2026ko bigarren hiruhilekoan zabalduko ditu ateak
2025-06-20 08:08 KultureaSorkunde Aiarza: Bilboko Euskal Museoko zuzendariaEuskal Museo barritu bat edegiteko lanean gabiz.

Bilboko Euskal Museoak beste pausu bat emon dau Miserikordia eraikinean enbor arin ikusgarria instaletan hasteagaz batera egiten dabizen barritze integralaren lanetan. Holan, Bizkaiko erakundeak arkitektura eta museografia erabarritzeko lanean jarraitzen dau. Hazkunde-fase horretan, lau eraikinetako (Kurtze, Miserikordia, Unamuno eta Klaustroa) pisuak muntetan dabiz, beharrezko zimendu-lanak amaitu ondoren. Egituren ezaugarriak dirala eta, oso konplexua izan da.
Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusia, Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea eta Sorkunde Aiarza, Euskal Museoko zuzendaria, obrak ikustera joan dira, Raúl Escrivá, Antonio Vaillo arkitektoaren taldeko injineruaga, oinarrizko arkitektura-piezetako bat instaletako zailtasuna hurbiletik ikusteko: enbor arina.
Bisitan, talde teknikoaren azalpenek gidatuta, Bilboko etorkizuneko Euskal Museoa osotuko daben eraikinen indartze prozesu horretan azken hilebeteetan izandako aurrerapen handiak be ikusi ditue.
Enbor arina
Elementu arkitektoniko berezi hori Miserikordian dago. Eraikin horretan dagoeneko erabat hutsitu ditue forjauak eta estalkiak. Beheko pisua klaustroaren kotan dago momentu honetan, irisgarritasun ezin hobea lortzeko. Gainera, espazio hori atari handi bihurtuko daben harmailak eregiten dabiz.
Enbor arinaren zehetasun tekniko eta kontzeptualei jagokenez, modu berezian gauzatu nahi izan da Aretz Bizia kontzeptua, luzetarako nabe horretan eregiten dabizen atari handian, proiektu arkitektoniko eta museografiko honen balioak irudikatzen eta adierazoten dituan espazio bihurtzeko. Holan, enbor hutsa sartzen da, egurrez egindako forjaduak berregituratuta, grabidaderik bako espazio handi baten sensazinoa sortzeko; azkenik, estalkia berregituratu eta zurezko zertxa handiakaz berreregi da, baserrien estalkiak eregiteko prozesua eta itsasontziena gogorarazteko.
Helburua da leku horrek beheko mailan jasotea Sustraien eremuagaz lotutako lehenengo edukiak. Sustraiek, barriz, zurezko edukiontzi flotatzaile bat dabe gainean, barruan Enborra eta estalkian Adaburua batzen dituana. Leku horretan kokatutako edukiek zeharkako elementu lez funtzionau ahal izango dabe, erakusketa-ibilbidea gune horreetara hurreratzen baita hainbat lekutan.
Miserikordia eraikina bisitau ondoren, Museoaren zati hori Kurtze eraikinagazn lotzeko egindako galeria ezagutu dabe. Pasabide ikusgarria eta espazioa argi naturalez beteko dauen kristalezko hormea izango dau.
Horrezaz gan, kanpotik be ikusi ahal izan dabe Unamunoko fatxadea, bere garaian aldatu behar izan zana, luizi arazorik ez egoela bermatzeko eta hori erabat konpondu da.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 20.077.966,83 euroko inbersinoa egin dabe; obrak proiektuan ezarritako erritmoari jarraitzen deutso eta 2026ko bigarren hiruhilekoan amaitzea aurreikusten da.
Bizkaiko erakundeko talde teknikoak hilebeteak daroaz museografia barria egiten, eta ordurako prest egongo da. Azken asteetan, beira-arasa bat jarri da Museoan, eta horregaz in situ lan egin ahal izan da, koloreak, argiztapena, bildumako piezen kokapena eta bestelakoak aztertzeko.
Bilboko Euskal Museoko barritze osoa azken hazkunde-fasean dago, hau da, zemenditik hona, gitxi gorabehera, obrearen aurrera pausuak agirikoa dira. Elementu arkitektonikoak ezartzen hasi dira, besteak beste, enbor arina, obrearen amaierea laster izango dala erakusteko. Orain arte, zimendatze-lan ugari egin dira eta lan horreek beharrezkoak ziren obra egitean egitura-arazorik ez egoela bermatzeko.
Miserikordia eraikinaren egiturea sendotu eta, ondorioz, Unamunoko fatxadea desmuntau eta espazio hori berratondu ondoren, gaur egungo fasera pasau da, eta aurrerapen handiak ikusteko aukerea emongo dau.
Antonio Vaillo arkitektoak aurrekoan adierazo dauenez, momentu honetan ipinten gabiz zeregin bikotxa dauen zurezko hodia: alde batetik, euskal kulturearen euskarri dan enborra irudikatzen dau, zugatxaren enborraren irudi metaforikoak irudikatua; bestetik, eraikinaren zatirik zaharrenen arteko loturea osotzen dauen egiturazko elementua da eta edertasun plastiko handiko espazio barriak sortzen ditu. Horretarako, euskal-espiritu tradizionalaren berezko estetikea bilatzen dau eta zura erabili dogu harrizko eraikinak lotzeko. Horretarako, lurzorua eta sabaia CLT panelen bidez osotzen gabiz eta, aldi berean, estalkiaren egitura bereizgarria konfiguretan be bagabiz, baserriak eregiteko-tradizinoari ikuspegi garaikide batetik heltzen deutson.
Beste alde batetik, Sorkunde Aiarza, Bilboko Euskal Museoko zuzendariak, azpimarratu dauenez: enbor arin horren azpian, Miserikordia eraikinaren beheko aldean, Euskal Museoko bildumako nurri handiko piezak erakutsiko dira, orain arte lekurik ez ebenak eta guretzat bereizgarriak diranak, altzariak besteak beste. Honako proiektu hau erabarritze integrala da, bai arkitektonikoa, bai museografikoa eta, esangura horretan, Euskal Museo barritu bat edegiteko lanean gabiz eta kontakizun beraren menpean orain arte eskaini dogunaz bestelako ikuspegi bat ikusiko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!